euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxek euskal arazoari buruzko proposamena aurkeztu zuen atzo Stanforden, istilurik gabeko hitzaldian (I)

2008/02/15

Ibarretxe atzo goizean South San Franciscoko udaletxearen aurrean. Ezkerretik hasita lehena bertako alkatea da (argazkia EuskalKultura.com)
Ibarretxe atzo goizean South San Franciscoko udaletxearen aurrean. Ezkerretik hasita lehena bertako alkatea da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Kalifornian bizi den espainiar talde batek --Madrileko komunikabide batzuen laguntzaz-- sustaturiko kanpaina mediatikoa ezerezean gelditu zen atzo. Bost gazte espainiar ultranazionalista baino ez ziren azaldu Stanford Unibertsitatean deituriko kontzentraziora, Ibarretxe lehendakariak eman behar zuen hitzaldia zapuzteko asmoz. Mintzaldiaren aretora sartu zirenek euren galderak idatziz lehendakariari aurkezteko aukera izan zuten, beste entzule guztiek bezala. Ibarretxek ETAren biolentziaren arazoa eta 'Euskadi eta estatu espainiarraren arteko harreman arazo politikoa' desberdindu egin zituen. Ibarretxek ETAri desagertzeko eskatu zion 'alderdi politikoek arazo politikoa gainditzeko akordioa lortu edo ez lortu'. Era berean lehendakariak komunikabideen ixtea eta 'euskal gizartearen zati bat erakundeetatik kanpo uzteko salbuespen legeen erabilpena' kritikatu zituen.
Ibarretxeren agendako ekitaldiak goizeko hamaiketan hasi ziren, South San Franciscoko udaletxean. Lehendakariak ikurrina igo zuen udaletxeko mastara, hiriko alkatea eta euskal ordezkarien aurrean. South San Franciscon euskaldun komunitate garrantzitsua dago eta bertan dauka egoitza Basque Cultural Center euskal elkarteak.

[Xabier Berruetak, BCCko lehendakariordeak, ongi etorri eman zion lehendakariari South San Franciscoko udaletxearen harmailadan (argazkia EuskalKultura.com)]

[Ibarretxe tribunan egin zuen mintzaldiaren une batean. Berarekin alkatea eta Udal Kontseiluko bi kide (ezkerrean) eta Iñaki Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, (erdian, goian) eta Xabier Berrueta (argazkia EuskalKultura.com]

[Ikurrinaren goratzea BCCko Klikaren soinuek lagunduta egin zuten, udaletxeko balkoi nagusian (argazkia EuskalKultura.com)]

BCCko presidenteordearen ongi etorriaren ostean, alkateak eta Ibarretxek elkar agurtu egin zuten euren mintzaldietan. Biek hala biek azpimarratu zuten BCCak bere 26 urte hauetan hiriari eginiko ekarpena.

[Lehendakariak eta Iñaki Aguirrek aita Martxel Tillous, AEBetako euskaldunen kapilaua, agurtu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Arratsaldean euskal ordezkaritzak San Franciscoko badiaren hegoaldera jo zuen, Palo Alto aldera, bertan dagoen Stanford Unibertsitatera, hain zuzen ere. Unibertsitateko 'Frances C. Arrillaga' eraikinean Ibarretxe lehendakariak A Proposal to Transform the Basque Conflict (Euskal gatazka eraldatzako proposamen bat) mintzaldia emateko hitzordua zuen lauetan.

[Frances Arrillaga eraikinaren aurrekaldea (argazkia EuskalKultura.com)]

Aurreko asteetan internet Ibarretxeren mintzaldia bertan behera uztea eskatu zuten taldeen protesta ekimenak egon zitezkeela-eta, polizia talde txiki bat izan zen kanpusean. Mintzaldiaren garaian ideologia espainiar ultranazionalistadun gazte talde txikia --bost bat gazte-- agertu zen. Batzuk espainiar banderadun elastikoak zeramatzaten soinean, 'España libertad, todos contra ETA' edo ETA kills, Ibarretxe deals (ETAk erahil egiten du, Ibarretxek negoziatu). Horietako batzuk ezin izan ziren aretora sartu, manifestariak izateagatik eta aurretik Stanforden euskal gaiarekin zerikusirik gabeko istiluak sortu izanagatik.

[Manifestariek pankarta bat jarri zuten kanpuseko poliziak jarritako hesiaren atzean (argazkia EuskalKultura.com)]

Joan Manuel Resinak, Unibertsitateko Iberiar Ikasketa Programaren zuzendariak aurkeztu zuen Ibarretxe. Lehendakariak ingelesez egin zuen hitzaldia eta entzuleen galderentzako tarte zabala eskaini zuen. Aretoa jendez gainezka egon zen eta ondoko gela bat ere erabili behar izan zuten, telebista pantaila erraldoi baten bitartez ikusle gehiagok mintzaldia jarraitu ahal izateko.

[Ibarretxe Joan Manuel Resina doktorearekin hizketan (argazkia EuskalKultura.com)]

Entzulegoan euskal komunitateko eta San Franciskoko Basque Cultural Center, Basque Club eta Anaitasuna Basque Club elkarteetako kideak, Idaho eta Washingtonetik etorritako pertsonak, unibertsitateko ikasleak eta euskal gaian interesa zuten amerikarrak izan ziren.

Mintzaldian Ibarretxek azken urteotan bere proposamen politikoaren ardatza izan diren gaiak azpimarratu zituen. Ibarretxek ETAren biolentziaren arazoa eta 'Euskadi eta estatu espainiarraren arteko harreman arazo politikoa' derberdindu egin zituen. 'Alderdi politikoek arazo politikoa gainditzeko akordio lortu edo ez lortu', Ibarretxek ETAri desagertzeko eskatu zion.

[Mintzaldiaren areto nagusia]

Ibarretxeren eritziz, 'ezin zaio ETAren biolentziari aurre egin demokrazia hertsatuz' eta eskubideak murriztuz, baizik eta alderantziz, eskubideak bermatuz eta 'zabalduz'. Pertsona guztientzako giza eskubideak' defendatu zituen, 'salbuespenik gabe' eta euskal komunikabideen ixtea eta 'euskal gizartearen zati bat erakundeetatik kanpo uzteko salbuespeneko legeen erabilpena' kritikatu zituen. Ibarretxek elkarrizketaren balioa azpimarratu zuen, 'XIX. mendeaz geroztik euskaldunek estatuarekin duten gaztaka konpontzeko bidea' dela aipatuz.

[Ibarretxeren mintzaldiaren beste une bat (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal Herriaren historia eta egungo egoeraren errepasoa egin ostean, Ibarretxek gatazka politikoari irtenbidea emateko bere proposamenaren nondik-norakoak azaldu zituen.

[Gatazka konpontzeko bidai orriaren power-point-a erabili zuen Ibarretxek mintzaldian (argazkia EuskalKultura.com)]

Ibarretxek gaur bere bisitarekin jarraituko du eta goizean Sacramenton John Garamendi gobernadoreordearekin bilduko da. Bihar Kaliforniako Energia Batzordea bisitatuko du eta arratsaldez, Davis Unibertsitatean, Kalifornia Iparraldeko Nanoteknologia Zentroa ezagutuko du. Asteburuan Basque Cultural Center elkartearen 26. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko du.

[Basque Cultural Center-en asteburuan egingo diren urteurren ospakizunen afitxa (argazkia EuskalKultura.com)]


Lotura interesgarriak

Ibarretxek Kaliforniara bidaia hasiko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 14ean

Ibarretxek Stanforden emango duen hitzaldiaren iragarkia
Unibertsitatearen webgunean

Basque Cultural Center elkartearen webgunea
www.basqueculturalcenter.com

Ibarretxeren hitzaldiaren aurkako sinadura bilketa
Ipetitions.com webgunean

Ibarretxeren aldeko sinadura kanpaina
www.gureerakundeenalde.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia