euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe lehendakariak Senatuaren ohorezko domina jaso zuen Txilen eta bertako euskaldunekin bildu zen

2007/10/11

Lehendakaria Santiagoko Euskal Etxean eman zuen hitzaldian (argazkia Jon Bernardez)
Lehendakaria Santiagoko Euskal Etxean eman zuen hitzaldian (argazkia Jon Bernardez)

PUBLIZITATEA

Ibarretxe lehendakariak lau eguneko egonaldia bukatu zuen atzo Txilen. Egun horietan Biarritzeko foroaren edizio berri batean parte hartu du lehendakariak eta Txileko agintariekin hartuemanak izan ditu. Atzo bertan Txileko Senatuak ohorezko domina eman zion eta Ibarretxek herri honek euskal emigranteak hartzeko izan duen eskuzabaltasuna eskertu zuen. Lehendakaria Txileko euskal komunitatearekin ere bildu zen Santiagoko Euzko Etxean.
Ibarretxe lehendakariak Txileko Senatuaren ohorezko domina jaso zuen atzo, bere 'ibilbide publikoagatik' eta 'Txile eta Euskal Herriaren artean harremanak estutzeko egin duen lanarengatik'. Ekitaldia Ibarretxek Txilera egin duen lau eguneko bisitaldiaren azken jardunaldian egin zuten, herrialde honetako hiriburu politikoa den Valparaiso hirian. Lehendakariak Eduardo Frei, Txileko Senatuko presidentearen eskutik jaso zuen domina. Bertan zeuden baita ere Diputaduen Ganbarako presidente Patricio Walker, eta Txileko hainbat diputatu eta senadore. Aldez aurretik Ibarretxek bilera izan zuen Freirekin eta Txileko Gorteetako ohorezko liburua sinatu zuen.

Senatuko presidentearen esanetan 'txiletarrak eta euskaldunak beti ibili gara gertu, balore oinarri sendoa dugu, demokrazian, bakean eta arazoen konponbide baketsuan siniten dugu'. Freik gogora ekarri zuen azken urteotan Txilek eta Euskal Herriak 'lankidetzan sakondu egin dutela, hitzarmenak eginez nekazaritza arloan, osasunean, arrantzan, ingurumenean eta hizkuntz arloan'.

Ibarretxek, bere aldetik, Txileko herriari eskerrak eman zizkion 'besoak irekita' hartu zituelako euskaldunak 'bizitza hobe baten bila, arrazoi ekonomikoengatik edo arrazoin politikoengatik geure herritik ihesi etorri ginenean'. Harrez gero, gehitu zuen Ibarretxek, 'Txile euskaldun askoren bigarren aberria bihurtu da'.


Lotura interesgarriak

Euzko Etxea, Txileko Santiagoko Euskal Etxea
www.euzkoetxeachile.cl

Ibarretxek Rosarion ekingo dio Hegoamerikako birari
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 6ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia