euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe lehendakariak Argentinan hasiko du gaur, ondotik Txile eta Kolonbiara ere eramango duen bidaia

2007/10/06

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, iazko Euskal Astean, Cordoban hartutako argazkian
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, iazko Euskal Astean, Cordoban hartutako argazkian

PUBLIZITATEA

Gaur Rosarion Euskal Aste Nazionaleko egitarau barruan izango duen parte hartzearekin hasiera emango dio Ibarretxe lehendakariak Argentinan hasi eta Txile eta Kolonbian barrena bederatzi egunez egingo duen bidaiari. Rosarioko Euskal Astetik, datorren astean Txilen egingo den Biarritzeko Forumera doa lehendakaria, nahiz eta bertako Eusko Etxera hurbiltzeko astia ere hartuko duen. Kolonbian, berriz, bertako agintariekin mintzatu eta Xabier Santxotena zizelkari nafarraren lan bat inauguratuko Bogotako Gernika Plazan. Ibarretxeren bidaia, Euskal Herrian urak nahasiak jaitsi diren une batean suertatu da, lehendakariak berak 2008rako iragarritako erreferendumak sortu duen oihartzunari, azken egunotan Batasunako hogeita hiru buruzagiren atxiloketak sortutakoa emendatu behar baitzaio.
Lehendakaria gaur iritsiko da Rosariora, nahiz eta gehienbat orduekin zerikusia daukaten bidaia horretako xehetasun batzuk fin-fin zehaztu gabe dauden edo kazetariei bederen adierazi ez zaien guztiz seguru zein ordutan gertatuko den hori. Azken orduko jakingarri horiek gora-behera, baliteke Ibarretxek parte hartzea gaur goizean, FEVAk Euskal Astearekin batera Rosarion garatuko duen Biltzarrean. Ibarretxek parte hartze baieztatua izango du, aldiz, gaur arratsaldeko bost t'erdietan Mitre kaleko 754eko Auditorio Fundación delakoan egingo den bilkuran, bertara gonbidatu baita komunitate euskal-argentinarra Lehendakariak hitzaldia eskainiko duela esanez.

Ondotik, Ibarretxek Rosarioko Euskal Aste Nazionaleko ekitaldietan hartuko du parte, eta gau partez egingo den Galazko Gaualdian ikusle gonbidatu izango dela iragarri da. Ohi den gisan, Argentinako probintzia eta erregio hurbil eta urrunetatik etorritako euskal etxeetako dantza taldeak arituko dira bertan, bakoitza dantza diferente baten erakusle, harro bere euskal etxea gainerakoen aurrean ordezkatu ahal izateaz.

Argentinako Euskal Astetik Txilera, Biarritzeko Forumera

Igandean, urtero egiten den legez, meza tokatzen da goizeko hamaiketan eta, iragarri denez, Ibarretxe aita Lazartek emango duen euskal meza horretan izango da. Segidan, Euskal Astera joan diren dantza taldeen kabalkada edo desfilea etorriko da, arras koloretsu eta ikusgarria izaten dena, kasu honetan Independentzia Parkean gauzatua. Ibarretxeren egitarau estuak, eguerdia eta ez askoz denbora gehiagora ospakizunetik erretiratzera beharko du lehendakaria, Txileko Santiagora eramango duen LanChileren hegazkin bat hartu behar izango baitu. Santiagon, igande gauez, ongi-etorri koktel batez oparituko dute eta kultur ekitaldi batez ohoratu.

Astelehenean, urriak 8, lehendakariak Biarritzeko Forumaren inaugurazio ekitaldian, Harrizko Etxean, hartuko du parte. Berarekin, bertan izango dira, besteak beste, Patricio Aylwin, 'Justicia y Democracia' Partzuergoko presidentea eta Txileko presidente ohia; Didier Borotrá, Biarritzeko alkatea eta frantses senataria; Santiago Creel, Mexikoko Senatuko presidentea; Enrique García, Corporación Andina de Fomento-CAFeko presidente exekutiboa; Javier Irarrazaval, Acción RSE-Chile-ko presidentea; Luis Eduardo Garzón, Bogotáko alkate nagusia, Kolonbian; Ernesto Samper, Kolonbiako presidente ohia eta Corporación Escenarios-eko presidentea. Michelle Bachelet Txileko presidenteak hitzaldia eskainiko du 'La cohesión social, una responsabilidad de todos' izenburupean.

Santiagoko Eusko Etxean euskal komunitatearekin

Bazkariaren ondoren Presidente Ohi Iberoamerikarren V. Topaketa egingo da, gaitzat 'Kohesio soziala eta Latinamerikako geroa' harturik. Patricio Aylwin presidente ohi txiletarra moderatzaile, gutxienez honako herrialdeotako presidente ohi eta buruzagi ohiak izango dira partzuer: Ekuador, El Salvador, Mexiko, Guatemala, Argentina, Txile, Honduras, Bolivia, Nikaragua, Kolonbia eta Perú.

Urriaren 9an, asteartea, Juan Jose Ibarretxek hitza hartuko du 'Emakumea eta koesio soziala' mintegian Biarritzeko Forumaren barne, Sernam-ek (Txileko Emakumearen Ministerioa) antolatua berau, Laura Albornoz ministroa moderatzaile. Arratsaldean, ostera, Santiagoko Eusko Etxean mintzatuko da (Vicuña Mackenna 547, Santa Isabel metro geltokia) arratsaldeko zortzietan eta Txileko euskal komunitatearekin bilduko da. Asteazkenean zenbait kontaktu eta bilkura izango ditu, tartean Eduardo Frei Senatuko presidentearekin, eta Errepublikako diputatu eta senatari talde batekin bazkalduko du.

Gernika Plazako euskal estatua inauguratzen Bogotan

Ostegunean, urriak 11, Ibarretxeren lan-eguna Kolonbian hasiko da. Arratsaldeko 5:45etan Xabier Santxotena zizelkari nafarraren obra bat inauguratuko Bogotako Gernika Plazan, Euskal Etxe aurrean, hiriko alkatea, Lucho Garzón, bertan dela. Gero harrera ekitaldi bat eskainiko dio Kolonbiako euskal komunitateari seietan; azkenik, zortziak hogei gutxitan EMPREBASK-Kolonbia elkartearen aurkezpena egingo da.

Urriaren 12a, ostirala, Antioquiako gobernadore Aníbal Gaviria Correarekin eta haren gobernu-taldearekin bilduz hasiko du, hamaiketan, euskal buruzagiak hitzaldi magistrala eskainiko du 'Plaza Mayor' Nazioarteko Konbentzio Zentruan gaitzat 'Giza garapen iraunkorra: erronka eta bake iraunkorrerako apustua' harturik. Gauez, Ibarretxe Gobernadoreak eta haren emazteak eskainiko dioten afarian hartuko du parte, Antioquiako Museoan. Larunbatean, azkenik, hilak 13, lehendakaria eta emaztea ohorezko gonbidatu gisa arituko dira Municipio de Copacabana delako Hezkuntza eta Kultura Hiriaren inaugurazioan.


Lotura interesgarriak

Biarritzeko Foruma zer den
'Encuentros Europa-América Latina'

FEVAko webgunea
www.fevaonline.org.ar

Zazpirak Bat Rosarioko Euskal Etxea
www.zazpirakbat.com

Txileko Santiagoko Euskal Etxea
www.euzkoetxeachile.cl

Kolonbiako Euskal Etxea, Bogota
www.euskaletxeacolombia.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia