euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe lehendakaria hizlari Kaliforniako Unibertsitatean Santa Barbaran, iraunkortasuna eta Euskadi/Europa hizpide

2019/04/23

Ezker-eskuin, Steven Gamboa, Charles R. Hale, Iker Arranz eta Juan Jose Ibarretxe (arg. Viola Giulia Miglio)
Ezker-eskuin, Steven Gamboa, Charles R. Hale, Iker Arranz eta Juan Jose Ibarretxe (arg. Viola Giulia Miglio)

PUBLIZITATEA

Santa Barbara, AEB. Etengabe ari da munduko hainbat unibertsitate eta puntutan hitzaldiak antolatzen eta ematen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru duen Agirre Lehendakaria Center erakundea, Euskal Herria eta giza garapen iraunkorra bere proiektu eta langaien muintzat harturik. Apirilareko bigarren astelehenean, 8an, bisita egin zuen Ibarretxek UCSBra (University of California, Santa Barbara) eta unibertsitatea bera eta Etxepare Euskal Institutuko bertako Euskal Irakurletza lankide, hitzaldia eman zuen “When Europe Challenges Europe, or How to Articulate Minority/Peripheral Regions Without a State in the European Union” (Europak Europari desafioa botatzen dioenean: Nola artikulatu estaturik gabeko minoritate/periferiako erregioak Europar Batasunean) izenburupean.

Hitzaldian, Ibarretxek eredu berri bat aipatu zuen, erregio-botere eta posibiliteez eta nazio-estatuaren nozioa bera birpentsatuz. Kataluniako 2017ko erreferenduma eta Europan ematen ari den eskuin muturreko ideologien susperraldia hor daudela, lehendakari ohiak Euskadiren arrakasta nabarmendu zuen, bertako Barne Produktu Gordin eta bizimodu altua bere erregio txiki estatusari lotua dagoela esanez, baita kooperatiba ereduek daukaten oniritzi zabalari ere, bertako Santa Barbara Independent egunkariak jasotakoaren arabera.

Emanaldia UCSBko Gizarte Zientzietako dekano Charles R Hale-k aurkeztu zuen eta programak Julio Medem-en "Euskal pilota: Harria harriaren kontra" pantailaratzea ere bildu zuen, debatearen eragingarri. Ez da ahaztu behar UCSB egungo irakurletzen aitzindari izan zela eta AEBetako paisaia akademikoan Nevada-Renoko CBS baizik ez zegoenean Euskal Ikasgaiei dedikatutako sail bat antolatzen saiatu zela eta abiarazi zuela bere baitan, 1993an Jose Migel Barandiaran Katedra sortuz, Juan Bautista Avalle-Arce bertako lehenengo katedradun; eta gaur egun ere azken urteotan Iker Arranz arduradun izan duen Euskal Saila daramala bere Espainiera eta Portugesa Sailaren barnean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia