euskal diaspora eta kultura
2009/04/07
PUBLIZITATEA
Paraná, Argentina. Astero bezala, urteurren saioa ere Parana eskualdeko Unibertsitate Teknologiko Nazionalaren irratitik aireratu zen, LRI 365 Radio Universidad (105.7 Mhz) lekutik, saioa irratiz entzutekotan, edota www.fmuniversidad.com webgunetik, internetez eta munduko nonahitik entzutekotan. Saioko zuzendari eta esatari Federico Borras Alcainen ondoan Mikel Ezkerro aritu zen, asteroko bere historia tarteaz haratago. Ezkerrok teknologiari esker saioak mundu osoraino daukan irismena aipatu zuen eta irratsaioa euskal kulturaren erreferentzia gisa izendatu zuen. Programaren sortzaile eta hasierako esatari izan zen Raul Alcain ere hartu zuen gogoan, Federico Borrasen aitona, dituen 96 urteekin eta osasun arazoak medio Urrundik Euskal Etxeraino bertaratu ezin izan zuena.
Telefono bidez, Eusko Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkari den Marieli Diaz de Mendibilek ere hartu zuen hitza, zorionak emateko eta programatik egin zitzaizkion hainbat galderari erantzuteko, gehienbat Jaurlaritzan hauteskundeak eta gero izango diren aldaketez eta horiek itsasoz honuntza izango duten oihartzunez. Irratsaioak, ohorezko gonbidatu bat ere izan zuen, FEVAko lehendakari Felipe Eiheragibel, emaztearekin Rosariotik Paranara saioan parte hartzeko propio bidaiatua. Eiherabidek bat egin zuen zorion desioekin eta FEVAk zein bera partaide duen Rosarioko Euskal Etxeak garatzen dituzten ekimenak hartu zituen aipagai.
FEVAko Eiheragibel eta Urribarri gobernadorea
Agintarien aldetik, Entre Rios probintziako gobernadorea ere, euskal jatorrizkoa berau, bildu zen saiora, bere ahotsa medio. "Harro naho eta erantzukizuna ere badut, aldi berean, euskaldunak leku garrantzitsuetan ibili baitira probintzia honetan eta ezaguna da gure artean sendotu duten izen ona eta ospea. Euskaldunak izan ziren gure historiari norabidea ipini ziotenak, Justo Jose de Urquiza lehenengo. Nire betebeharrak Entre Rioseko komunitate osoarekin dira, baina gure gizataldearekin eta gure jatorriarekin ere, jakina", esan zuen gobernadoreak.
Urribarri bere arbasoek utzi zizkioten balioez mintzatu zen, eta iaz Euskal Herrira egindako biadaia laburño bat aipatu zuen. Besteak beste, Diasporarekin lotura zuzena duen enpresari batekin bildu zen han, Juan Celayarekin, berau Entre Riosko Cerrito herrian faktoria bat inauguratzekotan baitago. Futbola ere azaldu zen solasaldian, gobernadorearen seme bat, Bruno, Boca Juniors-eko jokalari izana, egun Greziako Asteras Tripolis taldean baita eta gobernadoreak Bilboko Athletic-en noizbait jokatzeko ametsa izango bailuke.
Ibarretxe lehendakariaren agurra
Beste gizatalde edo koletibitateetako kideek ere nahi izan zuten euskal irratsaioarekin bat egin eta, esaterako, Paranako Casal de Catalunyako lagunak eta bertatik sustaturik Presencia Vasca-rekin batera igande goizez aireratzen den Paraná, per anar endavant saio katalaneko arduradunek euren agurra ekarri zioten euskal efemerideari. Urrundik Euskal Etxe barnean egiten diren bestelako ekimenen ordezkari, Juan Jesus Lopez Ortizek xake joko ekimeneko partaideen agurra ekarri zuen.
Lekukotasun hauen gailurra Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ekarri zuen, telefono bidez. Ez zen hau Paranako irratsaioan parte hartzen zuen lehenengo aldia, ezta inola ere, eta agur berezi bat bidali nahi izan zuen. Denbora gutxiren buruan lehendakaritza eskuz aldatuko delarik, bere azkeneko interbentzioa egin nahi izan zuen, bere agintaldiaren balantze moduko bat eskainiz, besteak beste irratsaioko gidariek galdetuta. ETAren atentatuak aipatu zituen agintaldiko unerik zailenak bezala eta bakea lortu ahal ez izanaz damutu zen, horretarako egon diren bi aukerak galdurik.
Saioa amaituta, bertara bildutakoek topa egin zuten, irrati bidezko ospakizuna behar bezala bukatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus