euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe Calderón presidentearekin bilduko da bihar Mexikon; bertan zegoela jaso du bere epaitzearen berri

2007/10/31

Carlos Artolózaga errekonozimendu plaka entregatzen Ibarretxe lehendakariari (arg. Jon Bernardez)
Carlos Artolózaga errekonozimendu plaka entregatzen Ibarretxe lehendakariari (arg. Jon Bernardez)

PUBLIZITATEA

Ibarretxe lehendakaria bidaia ofiziala egiten ari da egunotan Mexikoko lurraldetik eta bertan jakin zuen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bere kontrako ahozko epaiketa egitea erabaki duela Batasunako buruekin biltzeagatik. Ibarretxek normaltasunez jarraitu du bere bisitaren agendarekin eta bihar bertan Mexikoko presidente Felipe Calderónekin bilduko da. Orain arte Ibarretxe euskal komunitatearekin eta DFko Euskal Etxeko kideekin elkartu da, eta baita euskal enpresari eta hainbat mexikar herri eta estatu erakundetako ordezkariekin ere.
Roberto Sáiz epaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko magistratuak, atzo jakinarazi zuen Juan José Ibarretxe lehendakariaren kontrako ahozko epaiketa abiatzeko erabakia. Ilegalizatutako Batasunako kideekin biltzea leporatzen diote Ibarretxeri. Patxi López eta Rodolfo Ares Euskadiko Alderdi Sozialistako buruzagiak eta Batasunako bost kide ere epaituak izango dira, ETAren su etena indarrean zegoenean elkartzeagatik. Gobernua eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek, PP salbu, epailearen autoa “erabaki politikotzat” dute. PSE-PSOEk bitartean, “legez kanpoko ezer ez duela egin” erakutsiko duela adierazi du.

Ibarretxek Mexikon izan du erabakiaren berri, bertan egiten ari den sei eguneko bidaia ofizial bat dela eta. Lehendakariak hitz egitea delitutzat hartzea “ikaragarria” dela esan zuen eta horrek “irtenbideak aurkitzeko bide bakarra, elkarrizketarena, ukatzea” zekarrela gehitu zuen. Honekin batera adierazi zuen “zentzugabekoa” dela “hemen, “Euskadiko hegoaldean” Batasuna legez kanpokoa izatea “iparraldean” “normaltasun osoz bozkatu daitekeen legezko alderdi bat den bitartean”. Ibarretxeren aburuz “elkarrizketa ukatzen duenak, irtenbidea ukatzen du baita ere”.

Bihar Felipe Calderón presidentearekin bilera

Ibarretxek deklarazio hauek Enrique Peña Mexikoko gobernadorearekin bildu eta “Tecamac” proiektua bisitatu ondoren egin zituen. Tecamac Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen trebakuntza zentro bat da eta bertan zenbait enpresa txiki, arte eta lanbide eskola bat eta ezindu fisikoentzako tailer batek dute egoitza.

Ibarretxeren bidaia bihar amaituko da lehendakariaren eta Calderón presidentearen arteko bilera batekin. Bidaia iragan den larunbatean hasi zen; lehendakaria mexikar komunikabideekin elkartu eta arratsaldean Mexiko DFko Euskal Etxean mendeurrena zela eta egiten ari ziren ospakizunetan parte hartu zuen. Egoitzara iristean txistulari eta dantzariek ohorezko ongi etorria egin zioten eta Ibarretxe erakundeko zuzendaritzarekin bildu zen. Ondoren, berrehun gonbidaturen aurrean hitz egin zuen “Euskadiko egoeraz” eta bere irtenbiderako proposamenaz.

Euskal Etxearen mendeurrena

Hasiera batean lehendakariak martxorako zuen aurreikusita Mexikoko bidaia, izan ere, orduan betetzen zituen Euskal Etxeak ehun urte. Horregatik hasi zuen bere hitzaldia barkamena eskatuz: ”mendeurrenean hemen egongo nintzela agindu nizuen baina ezin izan nuen eta barkamena eskatzen dizuet, baina gaur hemen nago, nire euskaldun hitza betez”, adierazi zuen.

Garapen sozial eta ekonomikoaz mintzatu zen Ibarretxe eta baita ongizate estatuaz ere. Ondoren Euskadiko egoera politikoaren txanda izan zen eta 'Ibilbide-Orriaren' nondik norakoak azaldu zituen. Bere proposamena “azken ondorioetaraino” defendatuko duela baieztatu zuen “denekin hitz eginez”. Ibarretxek “hartutako erabakiak Euskadin eta ez Madrilen” hartu behar direla gehitu zuen. Batasunako kideak kartzelaratzearekin ados ez dagoela aipatu zuen “elkarrizketarako beharrezkoak direlako”. Hitzaldia amaitzean Eduardo Ormaecheak, Euskal Etxeko presidenteak, plaka bat oparitu zion.

Enpresariekin bilera

Bidaian zehar Mexikoko euskal enpresariekin biltzeko astia ere izan du Ibarretxek. Larunbatean Empresabask Mexiko talde berriaren aurkezpenean izan zen eta elkarteko zuzendaritzal lehendakaria ohorezko kide izendatu zuten.

Ondorengo topaketetan Ibarretxe Moreloseko gobernadorearekin eta Cuernavacako udal presidentearekin bildu da. Azken honek Lehendakaria “ohorezko bisitari” izendatu zuen. Ibarretxek Cuernavacako Borda Jardinean “Euskadiko aldaketa: berrikuntza eta ezagutza” izenburuko hitzaldia eskaini zuen.


Lotura interesgarriak

Mexiko DFko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

VascosMexico foro eta webgunea
www.vascosmexico.com

Mexikoko bidaiaren egitaraua
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 27an

Ibarretxeren bisita kolonbiako Euskal Etxera
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 15ean

EmpreBask Txile, Euskal Jatorriko Enpresari Txiletarren Elkartea
Euskalkultura.com-en argitaratua 2005eko urriaren 11ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia