euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe atzoko hauteskundeetan garaile, baina alderdi estatalistek erabateko gehiengoa lortu dutela

2009/03/02

PUBLIZITATEA

Juan Jose Ibarretxe hautagaiak (EAJ) irabazi zituen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Legebiltzarra berritzeko egin ziren hauteskundeak, bozka gehien bildu zituen zerrendaburu izan zen heinean 30 eserleku lortu baitzituen orotara 75 eserleku dituen ganbera legegilean. Gainerako alderdietan, PSE-EEk 24 eserleku bereganatu zituen, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 2 eta bana Ezker Batuak eta UPyDk. Emaitza hauekin ezin daiteke segurta zein izango den datorren lehendakariaren izena, atzoko behin-betiko emaitzak ezagutu ondoren, Ibarretxek zein Patxi Lopezek esan baitzuten euretako bakoitzari dagokiola Parlamentuaren aurrean ardura hori hartzea. Bakoitzak lot ditzakeen akordioen arabera beharko du izan. Ez da ahaztu behar, ordea, atzoko hauteskundeetan, lehenengoz, indar estatalistek erabateko gehiengoa eskuratu dutela, 38 eserleku, zenbaki hori ateratzen baita PSE, PP eta UPyDren indarrak batuz.

Donostia-San Sebastian. Garaipen erlatiboa atzokoan Eusko Alderdi Jeltzaleko Ibarretxek lortu zuena, indarrik bozkatuena izan baitzen, 30 parlamentari batuz. 75 eserleku hautatzen ziren eta hortarik 30 eskuratu zituen Ibarretxek. Jakina denez, 75 eserlekuok, 25na lurralde historiko bakoitzeko banatzen dira, biztanle kopurua kontuan hartu gabe. Atzokoan, EAJk 30 postu lortu zituen, 24 PSE-EEk, 13 PPk, Aralarrek 4, EAk 2, EBk 1 eta UPyDk beste bat.

Alderdia Portzentaia  Eserlekuak Araba Bizkaia  Gipuzkoa
EAJ-PNV     (38.5)      30   08       12       10 
PSE-EE     (30.7)      24   08       08       08 
PP     (14.0)      13   06       04       03 
Aralar     (06.0)      04   01       01       02 
EA     (03.6)      02   01       00       01 
EB     (03.5)      01   01       00       00 
UPyD     (02.1)      01   01       00       00 

 

(bozka baliogabetuak, %8.84)
(abstentzioa: Araban %34,16; Bizkaian, %32,42; Gipuzkoa, %36,94)

HAUTESKUNDEEI BURUZKO ZENBAIT DATU

Lehendik jakin beharrekoa:

-Bozkak Ezker Abertzaleko bi zerrendak parte hartu ahal izan ez zutela egin ziren, legez kanpo utzi baitzituen Espainiako Justiziak, ETArekin zerikusia zutelakoan. Horietarik batek, D3Mk, hala ere bozka-paper horiexekin bozkatzera deitu zuen, beraz, baliogabetuak izango zirela aurreikusiz, bozka kopurua hala ere zenbatu ahal izateko. Orain zabalduko den Eusko Legebiltzarra, historian ezker abertzaleko hautetsirik izan gabe sortu den lehena da.

[Gara egunkariak, Sustatuk eta Berriak bozka kontaketa bukatutakoan egin duten proiekzio baten arabera, normaltasunez parte hartzen utzi izan baliote, 100.900 bozka eta 7 parlamentari lortuko zituen ezker abertzale ofizialak. 7 eserleku horiek EBk (1), EAk (1), EAJk (2), PSEk (1) eta PPk (2) egotzi zaizkie]

Kontuan hartzeko atzoko emaitzen datuak:

-Ibarretxek (EAJ) gora egin du, 2005eko 29 eserlekuetatik (EArekin koalizioan), 2009ko 30ra pasatuz (bakarrik, EAk koalizioa ez berritzea erabaki baitzuen)

-EAJrekin batera orain arte gobernuan egon den hirukoa osatzen duten beste bi alderdiak (EA eta EB) nabarmen jaitsi dira; gainbehera handia izan du EAk, aurten EAJrengandik bereizita aurkeztea erabaki zuelarik, bi eserleku bakarrik lortu baititu [bat, gainera, galtzeko arriskuan Diasporako bozkak heltzen direnean]; emaitza oso txarrak baita ere Ezker Batuak, lehen zeuzkan 3 parlamentarietatik bakarrera pasatzen baitira. Emaitza txarren adierazgarri, EAko lehendakarigaia (Unai Ziarreta) zein EBkoa (Javier Madrazo) Legebiltzarretik kanpo gelditu izana.

-Aralarrek nabarmen egin du gora, parlamentari bakarretik 4 izatera pasatuta.

-PSE-EEk ere nabarmen egin du gora, Patxi Lopez lehendakarigai, 18 eserlekuetatik 24ra pasatu baita.

-PPk behera egin du baina maila bati eutsiz. Antonio Basagoiti hautagai, 15 ordezkari izatetik 13ra pasa da.

-Lehen aldikoz Legebiltzarrean sartu da Union Progreso y Democracia alderdia, 'Rosa Diezen alderdia' gisa ezagutua dena. Espainiako estatu zentralista, kontzertu ekonomikoa eta konbenio ekonomikoa ezabatzea proposatzen du, eta azken urteotan Estatuak Autonomi Elkargoen eskuetan utzitako zenbait eskumen berriz ere Estatura bueltatzea.

-Estatu mailako alderdiek, batzuek 'konstituzionalistak' edo 'estatalistak' deituak (PSE-EE, PP eta UPyD), erabateko gehiengo eskuratu dute (24+13+1), lehenengo aldiz Legebiltzarraren historian. Sekula ez zen aurretik hori gertatu, baina egia da baita ere sekula santa lehenago ere ez zela legealdirik izan ezker abertzale ofizialeko hautetsirik gabe.

-Kontatzeke gelditzen dira atzerrian bizi diren herritarrek bidalitakoak. Bozka horiei esker, PSEk eserleku bat berreskuratzea espero du (EAren kaltetan) eta 25 eserleku erdiestea orotara. Kanpoko bozka hauek martxoaren 6an batuko dira. [orotara, 43.660 arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrek daukate teorian onetsia bozkatzeko eskubidea, besteak beste honako herrialdeetan: Frantzia (8.301), Argentina (7.065), Venezuela (4.644), Mexiko (3.643), Erresuma Batua (2.721), Estatu Batuak (2.375), Txile (2.364) eta Alemania (1.630)]

-Egitate hauek hor, jadanik atzo gauean azaldu zuten jendaurrean Ibarretxek eta Lopezek aski indar sentitzen zutela aurrera egiteko eta eutsi egiten ziotela hautagaitzari. Beraz, biak saiatuko dira parlamentari gehiengoaren laguntasuna jasotzen, parlamentariek hautatuko baitute finean lehendakaria.

-Ibarretxek atzo gaueko azken orduan esan zuenez, "guri dagokigu herrialdea gidatzeko ardura".

-Datu horiexekin berekin, Patxi Lopezek esan zuen "aldaketari eusteko zilegitasuna lortua dudala pentsatzen dut. Ez diot uko egiten nire hautagaitza aurkezteari.  Hitzari eutsiko diot eta baita anbizioari ere aldaketa gidatzeko, guk bakarrik gida baitezakegun aldaketa baita".

Bi buruzagiei dagokie orain norberak bere proiektuarentzako aldeko bozkak lortzea Parlamentuan.

[Madrilgo iruzkinemale eta kazetari giroetan segurutzat ematen dute Patxi Lopez izango dela hurrengo lehendakaria. Euskal Herrian, berriz, iritziak ez datoz bat Ajuria Eneako hurrengo apopiloa nor izango den esaterakoan]

Lotura interesgarriak

Informazioa, datuak eta bideoak EiTBn
www.eitb.com

Iruzkinak, datuak eta emaitzak herririk herri
www.berria.info/m1/emaitzak.php



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia