euskal diaspora eta kultura
2009/07/13
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Uztailaren 14tik 19ra bitartean egingo da Okzitaniako Issoire herrian, Frantzia erdialdean, Munduko Musiken eta Dantzen Nazioarteko Folklore Jaialdia. Euskal dantza talde bat izango da bertan, Ibarrako Alurr taldea. Guztira 12-16 urte bitarteko 17 dantzarik parte hartuko dute eta sei musikarik, esan nahi baita trikitixa, kaxa, bateria, txistua eta panderoek osatutako taldea. 'Hauen lana bereziki eskertu behar da, musutruke etorriko direlako, eta benetan lan asko izango dute', dio Eli Nosellas-ek. Guztira, Ibarratik 28 lagun abiatuko dira Issoire herrira.
Folklore jaialdia izanik, Alurr Dantza Taldeak dantza tradizionalak aurkeztuko ditu baina baita koreografia batzuk ere, antolatzaileek hala eskatuta. 'Interneten gure koreografiak ikusi zituzten, gustatu eta jaialdira joateko deitu ziguten'. Taldearentzat ezustekoa izan zen gonbidapena, aldi berean ilusio handiz jasoa. 'Aurretik Kroazian edota Alemanian beste taldeekin egon garenean, beti lagun edo ezagunen baten harremanak medio joan izan gara, jaialdi hauen dinamika hori izaten baita; baina honetan gure bila etorri dira eta hori poztekoa da'.
Euskaldunekin batera Kenia, Haiti, Paraguai, Salomon Uharteak, Serbia eta Eslovakiako taldeak arituko dira, besteak beste, Musiken eta Dantzen Nazioarteko jaialdi honetan. Alurr Dantza Taldeko gaztetxoentzat interesgarria da jaialdian parte hartzea, dantzari eta musikarientzat aukera polita baita. 'Taldeko denak ilusioz beterik gaude, gaztetxoak bereziki, gisa horretako beren lehenengo esperientzia izango baita'. 'Euskal dantzak erakusteko parada izango dugu, eta baita beste kulturengandik ikasteko ere', azaltzen du Eli Nosellas-ek. Bere esanetan, 'gure kultura zabaltzeko aukera eskaintzen digu, gure herria ezagutarazteko, harremanak sendotzeko, ikasteko eta disfrutatzeko'. Jaialdiko erakustaldiak herrian kokatutako zenbait gunetan izango dira, 'batean ordu bete, hurrengoan hogei minutu; azkenean, egunean zehar dantza asko egin beharko da, horregatik gure errepertorio osoa prestatu dugu'. Dantza taldetik dena primeran ateratzeko moduan prestatu dute; beraz, orain guztia pentsatu bezala ateratzea eta ahalik eta gehien probestea falta zaie. Etzi izango dute euren lehenengo emanaldi osoa (ikus programa loturetan).
-Jaialdiari buruzko programa eta xehetasunak: www.festival-issoire.fr
-Taldeari buruzko informazio gehiago: www.alurr.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus