euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iban Zalduak eta Jabier Muguruza kantariak Kordobako Cosmopoetica jaialdian emanaldia eskainiko dute bihar

2008/04/10

Iban Zaldua poeta eta idazle euskalduna
Iban Zaldua poeta eta idazle euskalduna

PUBLIZITATEA

Iban Zaldua idazle eta poeta donostiarra eta Jabier Muguruza kantari irundarra Kordoban izango dira bihar Cosmopoética 2008 jaialdian parte hartzeko. Jaialdi hau Europako poesia topaketa garrantzitsuenetako bat da eta apiril osoan zehar poesia hiri andaluziarreko kaleetara eramaten du. Aurtengo dozenaka proposamen orijinal eta erakargarrien artean, Zalduak eta Muguruzak 'Unos cuantos cuentos' irakurraldi musikala eskainiko dute.
Cosmopoetica 2008 jaialdian Iban Zalduak eta Jabier Muguruzak izango duten partehartzea 'Exploradores' tartean izango da, bihar bertan. Emanaldian idazleak bere ipuinak irakurriko ditu eta Muguruzak musika jarriko die. 'Aurretik argitaratutako ipuinak izango dira, baina denak elkar lotzen dituen hari bat asmatu dugu eta musikarekin batera, zati desberdinek gauza berri bat sortuko dute', azaldu dio EuskalKultura.com-i poeta donostiarrak.

Ez da esperientzia berria izango bi artista euskaldunentzat, aurretik ere horrelako kolaborazioak egin izan baitituzte. 'Iaz antzeko zerbait egin genuen 'Itzalak' liburuko ipuinekin. Formato hau Koruko Heras pianistarekin ere erabili nuen eta emanaldia egin genuen, besteak beste, Bartzelonako Euskal Etxearen Literaldian', azaltzen du Zalduak. Muguruzarekin duen lankidetzaren oinarria bi artisten arteko sintonia ona omen da. 'Mundua ikusteko antzeko modua dugula esango nuke. Egiaz, Cosmopoetica jaialdian parte hartzea Jabierri proposatu zioten eta bera izan zen bien arteko errezitala egitea eskaini ziena', aipatzen du idazleak.

2007 Euskarazko Kantu Onena

Jabier Muguruzak 2007ko Euskarazko Kantu Onenaren saria jaso du berriki Espainiako XII Musika Sarietan, 'Irene' abestiarengatik. Muguruza euskal kantari ezagunenetarikoa da eta ibilbide oparoa egin du bakarlari gisa, nahiz eta Joxe Ripiau bezalako taldeekin ere kolaboratu izan duen. Bere lehen lana 'Boza Barruan' (Elkar, 1994) izan zen, eta horren ostean 'Kitarra bat nintzen' (Elkar, 1996), 'Aise' (Elkar, 1997), 'Fiordoan' (Esan Ozenki, 1999), 'Hain guapa zaude' (Metak, 2001), 'Enegarren postala' (Resistencia, 2003), 'Liverpool-Gernika' (Hirusta Records, 2004) eta 'Abenduak 29' (Resistencia, 2005) etorri ziren. Bere azken lana 'Konplizeak' (Elkar, 2007) diskoa da.

Iban Zaldua idazle eta poeta Historia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere lehen lana gazteleraz argitaratu zuen 1989an: Veinte cuentos cortitos. Ondoren euskaraz beste lan batzuk argitaratu zituen: 'Ipuin euskaldunak' (1999, Gerardo Markuletarekin batera), 'Gezurrak, gezurrak, gezurrak' (2000), 'Traizioak (2001) eta 'Itzalak' (2004). Gazteleraz La isla de los antropólogos y otros relatos (2002) ere idatzi du. Beste lan batzuk Obabatiko tranbia. Zenbait gogoeta azken aldiko euskal literaturaz, 1989-2001 (2002) eta gazteentzako bi elaberri, Kea ur gainean (2002) eta Ile luzeen kondaira (2004) dira.

Unos cuantos cuentos irakurraldia bihar izango da, gaueko bederatzietan Kordobako Victoria Kioskoan.


Lotura interesgarriak

Cosmopoética 2008
www.cosmopoetica.es

Iban Zalduarekin elkarrizketa (gazteleraz)
El Síndrome de Chejov blogean

Jabier Muguruzaren webgunea
www.jabiermuguruza.ne


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia