Concordia, Argentina. Concordiako euskal jatorriko lagunek, Ibaiko Izarra Euskal Etxean bildurik, harreman estu eta sendoa daukate hiriko gainerako elkarteekin. Urtean zehar, eta adibide bat jartzearren, ‘Inmigrantes Unidos de Concordia’ elkarte biltzailearen jarduera guztietan hartu ohi dute parte, normalean aurrez aurreko ekintzetan, nahiz eta azken urte honetan, eta pandemiaren ondorioz, partaidetza hori birtualtasunera mugitua den.
Joan den apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Immigranteen Elkarteak hainbat gizatalderen koreografiak zabaldu zituen sareetan. Eta Euskal Etxeko Gazte Lurra dantza taldeko zenbait neska ere partaide izan ziren, ‘Arku Dantza’ erakustsiz eta dantzen mosaikoko parte, honako irudiek agerian uzten dutenez:
Dantzarena ez da izan, hala ere, azken bolada honetan Euskal Etxeak komunitatearekin izan duen lankidetza keinu bakarra. Hirian euskal kulturaren erreferente denez, Bonbardaketaren urteurrenaren aurreko egunetan, Euskal Etxeari eskatu zion hiriko Nuestra Señora de los Ángeles Ikastetxeak Pablo Picassoren ‘Guernica’ koadroaren kopia bat
Ibaiko Izarra-ko lagunen hitzetan, “Ikastetxean irakasle den Elisa D'amicok Pablo Picassori buruzko klase bat eman zuen ‘Guernica’ margolana abiapuntu hartuz; baina koadroaren sinbolismoa ez ezik 1937ko apirilean Gernikan gertatutakoa ere azaldu zuen irakasleak, euskaldunak eta gure historia aipatuz eta partekatuz”.
Concordiako Euskal Etxeak, Argentinako eta mundu osoko euskal etxe gehienek bezala, birtualtasunera egokitu behar izan ditu bere aktibitateak azken urte honetan. Hala ere eta urtebete egoitzara joan gabe pasatu ondoren, apirilean dantza klase presentzialetara itzuli ahal izan du. COVID-19 protokoloari jarraituz, larunbatero hasi dira entseguak arratsaldeko 5:30etan.
Ibaiko Izarra Facebook-en, Centro Vasco Concordia Ibaiko Izarra