euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Ibai Txori' euskal etxea euskal kultura zabaltzaile Concepcion del Uruguay-ko Gizataldeen Jaian

2011/10/21

Ibai Txori euskal etxeko dantzariak Gizataldeen Jaian (argazkiaEE)
Ibai Txori euskal etxeko dantzariak Gizataldeen Jaian (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Hiru eguneko festa bizi izan zuten Entre Rios probintzia argentinarreko Concepcion del Uruguay-ko herritarrek. Udal Kultura Zuzendaritzak eta Kolektibitateek antolaturik, kultur anitzeko gune bihurtu zen jaia irailaren 23tik 25era luzatu zen. Etorkinen omenean, erakusketa batez, eta janari tipiko zein dantzaldiez gozatu ahal izan ziren bertara hurbildutako lagunek. Euskaldunak ere izan ziren festaren protagonistak. 'Ibai Txori' euskal etxeko kideen eskutik, Euskal Herriko irudi, zapore eta dantzek bat egin zuten beste hainbat herrialdetako kultur adierazpenekin.

Concepcion del Uruguay, Argentina. 'Erro sakonak ez dira izozten' lelopean gauzatu zen joan irailaren 23tik 25era Concepcion del Uruguay-ko Gizataldeen Jaia. Festa ostiralean hasi zen herriko Italiako elkartean erakustaldi batekin. Aurkezpen ofizialaren ondoren, eta euren jaioterrien izenean, kolektibitateek, -- tartean espainiar taldea, frantziarra, alemaniarra, arabiarra, indiarra, judutarra, italiar, piamontearra, ukrainarra eta euskaldunak-- beren ikur esanguratsuagoak jarri zituzten ikusgai standetan. 'Ibai Txori'ko kideek euren abizenez, eta euren armarri eta geografi ezaugarriei buruzko galderak erantzun zizkieten euskal txokora hurbildu ziren bisitariei.

Egitarauari jarraituz, gastronomiaren eguna izan zen larunbata. Concepcion del Uruguay-ko euskaldunek proposamen ugariko menua eskaini zieten bezeroei. Euskal etxeko sukaldariek prestatutako arrain, barazki eta gazta mokaduek, tartek eta gozoek arrakasta handia izan zuten gonbidatuen artean.  

Jaiaren azken egunean, kabalkada erraldoi bat osatu zuten herriko kolektibitate guztien ordezkariek. Plaza Ramirezen sakabanaturik, herrialde askotako banderak ikusi ahal izan ziren Argentinakoarekin batera. Desfilea bukatzean, dantza ikuskizuna eskaini zitzaion publikoari. Talde bakoitzak bere herrialdeko musika, jantzi eta koreografiak ekarri zituen agertokira. Euskaldunek, umeei begirako pieza bat -- Ipurdi dantza-- egin zuten.

“2011 honetan ere Gizataldeen Jaiak paregabeko harrera izan du gure herrian”, azaldu dio euskal etxeko lehendakari Lucia Arcelusek EuskalKultura.com-i. “Guri dagokigunez, Euskal Herriari buruzko informazioa zabaldu dugu, eta batez ere, plater tipikoak partekatu ahal izan ditugu publikoarekin. Jendeari izugarri gustatu zaizkio gure errezetak. Izan ere, den dena saldu genuen, ez zen apo bakar bat ere geratu”, adierazi digu Arcelus-ek asebeteta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia