euskal diaspora eta kultura
2013/11/19
PUBLIZITATEA
Paris, Frantzia. Donostiako Ibaeta Abesbatzak bi kontzertu eskaini zituen iragan urri hondarrean Parisen, eta taldeko kideak oso pozik agertu dira emanaldiek izan zuten harrera onagatik. Pariseko Anaiki koruko zuzendari Jean Marie Guezalak kontzertuen antolakuntzan parte hartu zuen eta, donostiarren aburuz, haren sostenguak eragina izan zuen kantaldiek izan zuten oihartzun bikainean.
Ibaeta Abesbatzaren aurreneko emanaldia urriaren 26ean izan zen, Saint Louis de l'Île elizan. Korua kantaldirako prestatzen ari zela, eliza betetzen hasi zen, eta kontzertua hasi zenerako jendez mukuru zegoen. "Elizako eserlekuak eta zutik gelditu zirenak zenbatuz, 450 lagundik gora bildu zirela uste dugu", azaldu diote EuskalKultura.com-i koruko iturriek. Kantaldian euskal musikagileen lanak abestu zituen abesbatzak, ohi duen legez, eta paristar entzuleek oso ondo hartu zituzten, nahiz eta gehienek euskaraz hitz egin ez.
[Ibaeta Abesbatza, Donato Unanueren zuzendaritzapean, Saint Louis de l'Île elizako kantaldi jendetsuan (argazkia Ibaeta Abesbatza)]
"Emanaldiko urduritasuna pasata, arrakasta ospatzeko afaltzera joan ginen eta jatetxean ere euskaraz aritu izan ginen kantuan. Gainerako mahaietakoak harrituta begiratzen ziguten, baina berehala txaloka animatu gintuzten. Kalean ere kantuan jarraitu genuen, eta hara non beste euskaldun batzuk ere bildu zitzaizkigun, haiek ere kantari", gehitu dute.
Biharamunean Asnieres auzoko Perpetuel Secours elizan abestu zuen koruak, Felix Ibarrondo musikagile oñatiarrak zuzendu zuen elizkizunean parte hartuz. Abesbatzako kideentzako oso hunkigarria izan zen kontzertua, Ibarrondo asko miresten duten musikagilea baita. Emanaldiaren ostean berarekin musika eta kantuari buruz solasteko aukera izan zuten.
Pariseko egonaldiari bukaera bikaina eman zioten donostiarrek, Pariseko Eskual Etxean egin zen anaitasun bazkariarekin. Euskal elkarteko pristarreko Anaiki eta Gernika koruek antolatu zuten bazkaria eta Ibaetako kideek biziki eskertu zuten haien abegikortasuna; Eskual Etxeko zuzendaritzak egin zien harrera eta ongi etorri brindis ete guzti. Bazkariaren menua honakoa izan zen: Zuberoako gaztain-zopa, ahate confit-a --"zoragarria", laudatzen dute koruko iturriek-- postrea, ardo nafarra eta patxarana. Bazkalostean kantu gehiago, herridantza bat edo beste, eta elkarteko kide nafarrak ia negar malkotan jarri zituzten jotak abestu ziren, lagunarteko giro ederrean.
Bidaiarekin oso pozik agertu dira Ibaeta Abesbatzako kideak eta Eskual Etxeari eta bertako koruetako lagunei esker ona adierazteko Donostiara gonbidatu dituzte paristarrak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus