euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iazko uholdeak pairatu zituzten La Platako Euzko Etxea-ko bost kidek Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dute

2014/06/02

Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuten Euzko Etxea-ko kideak (argazkiaEE)
Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuten Euzko Etxea-ko kideak (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Ezaguna den legez, joan den urteko apirilaren 2an bere historiako uholderik larriena pairatu zuen La Plata hiriak ekaitz gogor baten ondorioz. Emaitzak ere larriak izan ziren: hirurogeitik gora hildakoez gain kalte materialak zenbatezinak izan ziren. "Berria jaso bezain laster, Iñigo Urkullu Lehendakaria kontaktuan jarri zen Euzko Etxea euskal etxearekin Euskal Herriaren laguntza eskaintzeko", azaldu digute La Platako euskal etxetik. Dagozkien izapideak bete ondoren, erakundeko bost kidek diru laguntza jaso dute.

La Plata, Argentina. Buenos Aires probintziako hiriburuan gertatu ziren uholdeen berria azkar baino azkarrago iritsi zen iazko apirilaren 2an Euskadira. Eta arintasun berarekin jaso zuten Euzko Etxeko kideek Lehendakaritzaren laguntza eskaintza. Are gehiago, Sara Pagola Euskadiko Ordezkaria eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, garaiko FEVAko lehendakaria zen Ricardo Basterrak lagunduta, bertaratu ziren La Platara Pablo Bruera hiriko alkatearekin bildu eta uholdeen kalteak jaso zituzten euskal etxeko kideekin elkartzeko. Bileren baitan diru laguntza emateko konpromisoa hartu zuten mandatariek Urkullu Lehendakariaren izenean, adierazi diote EuskalKultura.com-i euskal etxetik.

Joan den maiatzaren 23an, eta administrazio-prozedurak amaituta, diru ematea gauzatu zen, euskal etxean burututako ekintza batean. Diru-laguntzari dagokionez, azpimarratu behar da jaso dutenek ez dutela bueltatu behar izango eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren etxeak konpontzeko erabili behar dutela. Aipagarria da ere Daniel Loyola, Maria Cecilia Zubia, Maria Laura Apecechea, Omar Errea eta Susana Aramburu onuradunek gutun bat bidali diotela Asier Vallejori jasotako laguntza eskertzeko: “Laguntza honekin gure etxeak konpunduko ditugu, gure bizitzekin jarraitu ahal izateko. Oso garrantzisua izan da hau jasotzea, hemengo gobernuengatik –udaleko, probintziako ezta naziokoengatik– ez baitugu ezer jaso; hau da, jaso dugun laguntza ofizial bakarra Eusko Jaurlaritzarena izan da”. Kideekin esker mezuarekin batera, Euzko Etxeko agintariek ere esker beroak luzatu dizkiete Asier Vallejo, Sara Pagola eta Iñigo Urkullu Lehendakariari.

Euzko Etxearen 70. urteurrena

Beste alde batetik, Euzko Etxeak bere urteurren festan parte hartzera gonbidatzen du. Buenos Aires hiriburuko euskal etxea 70 urte ari da betetzen aurten eta datorren ekainaren 7an ospatuko du. Gauean zehar, janari ona, musika eta dantza eskainiko zaizkie gonbidatuei. Erreserbak egiteko, instituzioko idazkaritzarekin jarri behar da kontaktuan astelehenetik ostiralera, 4etatik 9etara, 457-1638 telefonora edo secretaria@cvascolaplata.org.ar helbide elektronikora.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia