euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iazko arrakastaren ondoren, Argentinako Alza familiako kideek topaketa berria egingo dute datorren igandean

2008/04/14

Argentinako Alza familiako lehen senitarteko topaketako partaideak (argazkia Alza familia)
Argentinako Alza familiako lehen senitarteko topaketako partaideak (argazkia Alza familia)

PUBLIZITATEA

Argentinako Alza familiako kideek bigarren aldiz elkartzeko aukera izango dute, datorren igandean, apirilak 20, Buenos Aires probintziako Ayacucho hirian antolatu duten senitarteko topaketan. Eguna hasteko, Gipuzkoako Irundik Argentinara XIX. mende amaieran emigratu behar izan zuten familiako kideei eskainitako meza egingo dute. Jarraian, tripako zorriei erreparatiko diete herriko lokal batean eta elkarreratzea jarduera artistiko batekin amaituko da.
Iragan urteko apirilean antolatutako lehen senitarteko topaketak arrakasta handia eduki zuen. Argentinako Alza familiako 235 kidek parte hartu zuten Buenos Aires probintziako Maipu-n, eta aurten marka berdinari eustea espero dute datorren igandean, hilaren 20ean, egingo duten bigarren topaketan. Kasu honetan, jarduera Ayacuchon izango da eta iragan urtean egin zuten molde berean, antolatzaileek parte hartzeko gonbidapen irekia luzatu diete Alza familiako edozein adarreko ondorengoei.

Alza familiako lehenengo kideak 1875. urtean heldu ziren Argentinara Irundik. Antolatzaileetakoa den Fermina Mariezcurrena Alzak azaldu duenez, meza bat eskainiko da pertsona horien guztien omenez 'euren familiak eta oroitzapenak Euskal Herrian utzi behar izan zituztelako', 'gaur, beraien ondorengoak dira beren abenturak gogora arazten dituztenak'. Elizkizuna Nuestra Señora de la Purificación parrokiako Luis Maria Bove apaizak gidatuko du. Jarraian, parte hartzaileek mokado baten inguruan biltzeko aukera edukiko dute herriko lokal batean eta, bigarren senitarteko topaketari amaiera emateko, jarduera artistiko bat antolatuko da.

Iaz egindako lehenengo topaketan parte hartu zuten 235 alzatarrak honako hirietatik heldu ziren: Choele Choel eta Rio Colorado (Rio Negro), Jacinto Araoz (La Pampa), Buenos Aires hiriburu federaletik; eta Buenos Aires probintziatik, berriz, Loberia, Ayacucho, Las Armas, General Guido, General Piran, Coronel Vidal, Olavarria, Tandil, Maipu, Villa Gesell, Mar del Plata, Rauch eta General Madariaga herrietatik. Familiako kide askok Alzatarren jatorriari buruz egindako ikerketa ezagutu ahal izan zuten lehen topaketa horretan.


Lotura interesgarriak

Argentinako Alza familiako lehenengo senitarteko topaketa
2007ko maiatzaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Alzatarrak Uruguai eta Argentinan
José O. Alza Aramburu-ren webgunea


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia