euskal diaspora eta kultura
2012/09/18
PUBLIZITATEA
Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxearen arduradunak pozik dira iragan asteburuan Ondarearen Eguna kari antolatu zituzten ekitaldien emaitzarekin, David Mugica presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Jarduera arrakastatsuena, ezpairik gabe, elkarteak Jauregiaren Plazan jarri zuen euskal azoka izan zen. Horretarako, Euskal Etxeak Idoki euskal produktoreen elkartearen lankidetza izan zuen. Plazan jarri ziren postuetan euskal gaztak, pastelak, artisautza eta beste zenbait kutixi dastatu eta erosi zituzten bordelesek.
Azokatik jende asko igaro zen asteburuan zehar: elkartearen datuen arabera 500 lagundik gora izan ziren larunbatean, eta beste 300 bat igandean. Horien artean, besteak beste, Alaian Juppé Bordeleko alkatea eta Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria.
[Euskal Etxeko dantzari txikiak erakustaldia egiten Bordeleko Jauregiaren Plazan egin zen azokan (argazkia BordeleEE)]
[Euskal pastel sorta ikusgarri hau jarri zuten salgai Minhondo gozogileek (argazkia BordeleEE)]
[Euskal azokako postuak bisitatzen, ezkerretik eskubira, David Mugica, Bordeleko Euskal Etxearen presidentea; Alain Juppé, Bordeleko alkatea; eta Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria (argazkia BordeleEE)]
Larunbatean 150 lagun bildu ziren Bestalariak eta Etxekoak abesbatzek eman zuten kontzertura, eta giroa oso ederra izan zen, segitzen du David Mugicak. "Ikustekoa izan da kontzertua eta gero, nola jendeak jarraitu dion txarangari, eta kalejira egin dugu Eskualdunen Plazaraino", azaldu du. Ondoren afari legea egin zuten bazkide eta bisitariek euskal etxean eta musikaz eta giro ederraz gozatu ahal izan zuten elkartearen ondoan dagoen Eskualdunen Plazan.
[Gau epelaz eta giro apartaz gozatzen Euskaldunen Plazan egin zen jaian (argazkia BordeleEE)]
Horrez gain, pilota partidak ere jokatu ziren Bordeleko frontoian eta, euskal etxeak gonbitatua, goi mailako pilotariak aritu ziren lehian. Elkarteak argazki sorta zabal argitaratu du dagoeneko bere Facebook orrian, ohi duen legez.
[Chistera edo zesta punta partidak egin ziren, besteak beste, euskal etxeak antolatu zuen pilota txapelketan (argazkia BordeleEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus