euskal diaspora eta kultura
2013/02/06
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. HABEk euskara klaseak diruz laguntzako hitzarmenak berritu ditu Hego Ameriketako zenbait euskal etxerekin azken asteotan. Argentinan FEVA federaziorekin berritu duen hitzarmenari eskera ikasturte honetan 700 ikasle helduk hartuko dituzte euskara eskolak. Txilen, berriz, Santiagoko Euzko Etxea, Valparaisoko Euzko Etxea eta Colectividad Vasca de Chile elkarteekin sinatu diren hitzarmenei esker 80 ikasletik gora ariko dira euskara ikasten.
Uruguaien hitzarmena berritu duten elkarteak Saltoko Euskaldunen Taldea, FIVU federazioa eta Montevideoko Euskal Erria izan dira; euren klaseetan, 135 ikasle inguru ariko dira aurten. Eta, azkenik, Brasilgo Eusko Brasildar Etxea elkarteak 80 bat ikasle izango ditu, HABEk jakinarazi duenez.
Lehen Barnetegia
Bestalde, HABEk eta Hegoameriketako euskal etxeek irakasleak trebatzeko prozesu berria jarri dute abian. 2013-2016 lau-urtekoan egingo da trebakuntza, helburua lau ikasturtetan HABEren 1.go mailara iristea izango delarik. Prozesu honetako aurreneko barnetegia Argentinako San Nicolasen egin zen urtarrilean, eta FEVAk eta bertako euskal etxeak izan zuten kudeaketa logistikoaren ardura.
Barnetegian parte hartu zuten irakaslegaiak honako herrietakoak izan ziren: Argentina (Chascomus, Buenos Aires, Concordia, Cordoba, Corpus Christi, Mar del Plata, San Nicolas, Santa Rosa, Tandil, Tres Arroyos, Necochea eta Puerto Madryn), Txile (Santiago eta Viña de Mar), Uruguai (Montevideo --Euskal Erria, Euskaro eta Haize Hegoa-- eta Salto), Brasil (Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxea eta Eusko Alkartasuna), Venezuela (Valencia-Carabobo), Kolonbia (Medellin), El Salvador (San Salvador) eta Peru (Lima).
"Partehartzaileen balorazioa ezin hobea izan da", agertu dio EuskalKultura.com-i barnetegiko irakasle izan den HABEko Kinku Zinkunegik. "Indar berrituta itzuli dira beren euskal etxeetara eta martxoan, Hego Ameriketan ikasturte berriaren hasierarekin batera, jarraituko dute urrutiko irakaskuntza bidez (on-line) euskara ikasten. Horretarako, astero eskura izango dute ikastunitate bat www.ikasten.ikasbil.net plataforman eta asterorako zeregina".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus