euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ia laurehun jende bildu ziren Viña del Mar-eko (Txile) Arte Antzokian 'Kutsidazu bidea, Isabel' filmaren emanaldian

2007/09/10

Maria Luisa Sáiz Aguirrezabal, Viña-Valparaísoko Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarte, Txileko Euskadiko Ordezkari Jon Erdozia eta bere emazte Irene  Villarreal, Viñako emanaldi egunean
Maria Luisa Sáiz Aguirrezabal, Viña-Valparaísoko Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarte, Txileko Euskadiko Ordezkari Jon Erdozia eta bere emazte Irene Villarreal, Viñako emanaldi egunean

PUBLIZITATEA

Ia laurehun jende bildu ziren Viña del Mar hiri txiletarreko Arte Zineman 'Kutsidazu bidea, Ixabel' filme euskaldunaren emanaldira, Bosgarren Erregioko Euskal Etxeak entolatutako ekitaldian, lankide Txileko Euskadiko Ordezkaritza, Euskal Filmategia eta baita ere Viña del Mar-eko Udala eta Kultura Partzuergoa. Saiora bertaratu ziren besteak beste Txileko Euskadiko Ordezkari Jon Erdozia eta Viña-Valparaísoko Euskal Etxeko lehendakari Archivaldo Uriarte Araya.
Euskal Zine saioak Viña del Mar-Valparaísoko euskal komunitateko lagun ugariren interesa piztu zuen eta aretoko arduradunen esanetan 370 pertsona baino gehiago izan ziren Arte Antzokira bertaratu zirenak. Horien artean, Euskadiko Txileko Ordezkaritzako burua, Jon Erdozia, eta bere emazte Irene Villarreal. Ekitaldiko aurkezpena Bosgarren Erregioko Euskal Etxeko lehendakari Archibaldo Uriartek egin zuen.

Uriartek bere hitzetan oroitarazi zuenez, filma, 2005ean ekoitzitako komedia, 1978an girotua da eta Juan Martin izeneko gazte donostiar baten komeriak azaltzen ditu euskaltegian ikasitako euskara hobetzeko uda mendian galdutako baserri batean pasatzea erabaki eta gero. Berehala ohartuko da baserrian mintzo duten euskararen eta berak liburuetatik ikasitakoaren artean tarte handi samarra dagoela. Aurre egin beharko die, beraz, batetik, hizkuntza arazoei eta, bestetik, berak kalekumea izanik baserri munduaz daukan ezagutza eskasaz. Horrekin batera ohartuko da Ixabel baserriko alaba gazteenak aztoratu egiten duela eta ordura arte sentitu ez zituen sentimenduen mundu batean sartuko da.

Euskara ikastearen komeriak

Uriartek aipatu zuen, bestalde, filma girotua dagoen urtea ez dela bere ustez besterik gabe aukeratutako kointzidentzia, urte horietan, Franco generala hil osteko garaia izanik, Euskal Herria berrogei urteko diktaduratik ateratzen ari baitzen, euskara jazarria, debekatua eta desezagutua eta bizitza publikotik erabat baztertua egotetik muga horiek aldatzeko zorian zeuden eta jendea andanaka hasi zen izena ematen orduan ugaldu ziren euskaltegi eta gaueskoletan eta, izan ere, hirietako jende asko hasi zen euskararen gordailu izandako baserrietara joaten eguneroko bizimodua euskaraz egiten zuten familietan euskara hobetzeko.

Gaur egun euskal hiztun gehienak hirietan bizi badira ere, filmak landa eremuaren eta hiriaren artean, kalea eta baserriaren arteko bizimodu, jokamolde eta kulturen arteko talka baliatzen du, euskaldunberriek ikasketa prozesuan gainditu beharreko oztopoen gaia eta maitasun kontuak emendatuz, umore gakoan. Filmaren emanaldia, Viña-Valparaísoko Euskal Etxeak euskara sustatzeko eta euskal hizkuntzaren inguruan arreta erakartzeko ahaleginen baitan kokatzen da.


Lotura interesgarriak

Txileko Bosgarren Erregioko (Viña-Valparaíso) Euskal Etxea
www.euskoetxea.cl

Euskadiren Ordezkaritza Txilen
Euskadi.net webgunean

Viña del Mar-eko Udala
www.munivina.cl

'Corporación Cultura Viña del Mar'
www.culturaviva.cl

Kutsidazu bidea, Ixabel
Berria-ren orrialdeetan


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia