euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ia berrehun lagun bertaratu ziren Chacabucoko Euskal Tabernara: talde-lana, gastronomia, musika eta dantza

2022/11/15

Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko 'Alaia' dantza taldea dantzari Guillermo Larregui EEko Euskal Taberna ekitaldian
Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko 'Alaia' dantza taldea dantzari Guillermo Larregui EEko Euskal Taberna ekitaldian

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Ia berrehun lagun bildu ziren joan den larunbatean, azaroaren 12, Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak antolatutako Tabernan. Gaueko bederatzietan hasi eta goizaldeko hirurak arte luzatu zen jaia. Dantza eta musika ikuskizun ugari eta euskal zein argentinar plater tipikoen menu bariatua eskaini zuten. Hitzorduak agerian utzi zuen beste behin euskal elkarteak egiten duen lan ederra bidea emanez gaztetxoei eta hain gazte ez direnei ilusiotik eta ekipoko lana lokarri elkarrekin jarduteko eta kultura eta erakunde proiektuak aurrera ateratzeko, euskal kulturaren eta chacabucotar eta argentinar jende eta kulturaren mesedetan.

Dantza emanaldiaren tenorean, Guillermo Larregui-ko 'Alaia' dantza taldeak, Verónica Guarnaloussek zuzendari, Kaskarot, Arku dantza eta Arin arin aurkeztu zituen. Umeek ere euren urte osoko lanaren emaitza erakutsi zuten, Orpo punta dantzatuz. Beren aldetik, Chacabucoko Griselda Morraren dantza klasiko ikasleek euren abilezia eskaini zieten bertaratutakoei. Eta ikuskizuna bukatzeko, Nacho Cieri artista lokalaren kontzertuaren unea iritsi zen, herri kanta melodikoak abestu eta bildutako guztiak dantzan jarriz.

Dantza, gastronomia eta talde-lana

Eskaintza gastronomikoak aipamen berezia merezi du eskainitako aukera ugariagatik. Batetik  hemen ohikoenak diren jakiak prestatu zituzten, esan nahi baita enpanadak, txoripanak, hanburgesak eta pikadak, eta baita pixka bat landuagoak ere, hala nola 'txorizoak pomarolan', pintxo bariatuak eta Euskal Etxeko espezialitatea diren 'tripakiak Bizkaiko erara'. Postre gisa ere aukera polita: izozkiak, goxua, arrozesnea, gabonetako konpota, udareak Borgoina, flana eta natilla. Hitz eman zuten bezala, gau bikaina izan zen, bertaratutako batek gure buletinari esan dionez.

Ekitaldiari buruzko bere iritzia galdetuta, Guillermo Larregui Euskal Etxeko lehendakari Lucia Igarzabalek hauxe esan digu: “Gehien nabarmendu nahi nukeena gure ekipoa da, daukagun jende talde bikaina, euren gogoa, lanerako jarrera eta lagunarteko giro ederra. Hori nahi dut azpimarratu eta, jakina, eskerrak eman beti lagun eta sostengu dugun Chacabucoko komunitateari", adierazi dio EuskalKultura.eus-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia