euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

I. Txistu Tailerraren arrakastak animaturik, Euskal Asteari begirako beste bat antolatu nahi du FEVAk

2013/05/29

Leku askotako txistuak bildu ziren I. Txistu Tailerrean (argazkiakEE)
Leku askotako txistuak bildu ziren I. Txistu Tailerrean (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Euskal etxe askotako txistuak entzun ahal izan ziren FEVAk antolatutako 2013ko Lehenengo Txistu Tailerrean, Arrecifesen. Klaseak euskal etxean burutu ziren eta zortzi euskal erakundetako ordezkarik hartu zuten parte. Proposamenaren arrakastak animaturik urteko bigarren tailerrean ari dira pentsatzen musikariak. Asmoa, Villa Mariako Euskal Aste Nazionalean txistu emanaldi bateratu bat eskaintzea. Tailerrarekin batera, ‘Potxolo Loyola’ I. Txistulari Topaketa eta FEVAren Zuzendaritza Batzordearen bilera egin ziren Euskaldunak Denak Bat-en egoitzan.

Arrecifes, Argentina. FEVAk deiturik eta Buenos Aireseko Laurak Bat-eko Jose Gutierrez txistularia koordinatzaile, urteko lehenengo Txistu Tailerra gauzatu zen Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean. Aktibitatearen helburuak oso zehatzak ziren: txistulariak trebatzea; euskal jaietan txistularien partaidetza bultzatzea; eta txistulari berriak prestatu ahal dituzten txistulariak formatzea.

Klaseak tailer moduan eskaini ziren. Parte hartzaileek maila diferenteak zeuzkatenez, bi taldetan banatu ziren. “Ez ziren talde homogeneoak baina banaketa oso baliagarria izan zitzaigun ekintzak antolatzeko garaian”, azaldu dute Federazioko arduradunek.

I Txistu Tailerra 2013 01

[Honako lagunak izan ziren Txistu Tailerreko partaide: Arrecifeseko Juan Ignacio Saez Abarrategui eta Marianela Rimini Azarola; Bahia Blancako Damián Bergerot Marinelli eta Lorenzo Bucci; Chacabucoko Franco Martinetti; Mar del Platako Aitor Hormaechea, Facundo Martín Rodríguez , Fiamma Aylén Gallardo, Juan Manuel Hiriart eta Nerea Balzola Aguilera; Pergaminoko Juan Ignacio Bonansea, Ana Clara Franco eta Valentina Miguelena; Posadaseko Mauro Matheu; San Nicolaseko Lisandro Gil, Martina Saa eta Valeria Maglioccheti . Koordinatzailea Buenos Airesko Jose Gutierrez izan zen (argazkiaFEVA) ]

Hasiberrien taldeak oinarrizko ezagutzekin lan egin zuen tailerrean: txistuaren ezaugarriak, musika eskala eta partituraren irakurketa erraza. Aurreratuagoak, berriz, aldez aurretik hautatutako partiturak entseatu zituen. Kasu honetan, festetan elkarrekin jo ahal izateko amankomuneko errepertorioa izatea hartu zuten xede.

Tailerra bukatzean, Ricardo Basterra FEVAko presidenteak eta Omar Gorostidy bertako lehendakariak diploma bana banatu zieten tailerreko partaideei eta koordinatzaileari. Balantze moduan, FEVAtik iritzi diote gogo handiz egin zutela lan musikariek eta bigarren tailerra Villa Mariako Euskal Aste Nazionalari begira antolatuko dela, ahal bada, irailean.

‘Potxolo Loyola’ I. Txistulari Topaketa

Tailerraren aukera baliatuz, I. ‘Potxolo Loyola’ Txistulari Topaketa burutu zuten arrecifestarrek maiatzaren 19an. Baina ez ziren Euskaldunak Danak Bat-ekoak bakarrik ibili antolakuntzan. Helburua, txistularien arteko harremana, giroa eta elkar aritze eta elkar ezagutza areagotzea bultzatzea zen. Eta zer hoberik elkarretaratzean sukaldaritzari ere leku egokia ematea baino. Laguntzaile bildu ziren, beraz, sukaldean, San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko sukaldariak eta ikuskizunean, Baietz taldeko musikariak. Tailerreko partaideez gain, beste zenbait herritako jendea bertaratu zen Arrecifesera, hala nola, Capitan Sarmiento, Los Toldos, Santa Rosa eta Suipachakorik, batzuk aipatzearren.

I Txistu Tailerra 2013 04

[San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko sukaldariek izan zuten Topaketaren menua prestatzeko ardura: paeran, txibiak arrozarekin (argazkiaEE)]

Topaketaren baitan, eta bildutako txistulariek lagunduta, ‘Agurra’ dantzatu zien Juan Ignacio Saez Abarrateguik gonbidatu gisa bertaratu ziren Potxolo Loyolaren eta Tiburcio Bilbaoren –Potxoloren maisua– ahaideei. Ondoren, Pitxina Irigoyen-ek, Loyolaren emazteak, eta Hector Julio Garcia Bilbaok oroigarriak banatu zizkieten musikariei. Bazkalostean, tailerrean ikasitako pieza batzuk jo zituzten txistulariek, tartean, ‘Agur Xiberoa’, ‘Andre Madalen’, ‘Zazpi jauzi’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Batasuna’. Musikak bultzatuta, dantzatzera ere animatu ziren euskal etxeetako gazteak, Arrecifesen ‘la Vasca’ deitzen dioten euskal etxe honen areto nagusian.

I Txistu Tailerra 2013 02

[Arrecifeseko Potxolo Loyola txistulari eta txistularien maisuaren omenean egindako topaketan, ‘Agurra’ dantzatu zien Juan Ignacio Saez Abarrateguik Loyolaren emazteari eta Tiburcio Bilbaoren ilobari (argazkiaEE)]

Asteburu beraren baitan, FEVAren Zuzendaritza Batzordearen bilera egin zuen Arrecifesen. Bilkura egoitzako ikasgelan egin zen eta bertara Arrecifes, Buenos Aires, Cnel. Pringles, Junin, Rosario eta San Nicolaseko euskal etxeetako ordezkariak bildu ziren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia