euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

I hate Colorado: euskal artzainek AEBetako lertxunetan marraztutako bakardade aieneak galtzen ari dira

2008/03/04

San Juan National Forest basoko lertxun-marra bat (argazkia Colorado Historical Society Office of Archaeology and Historic Preservation)
San Juan National Forest basoko lertxun-marra bat (argazkia Colorado Historical Society Office of Archaeology and Historic Preservation)

PUBLIZITATEA

Euskal, perutar eta mexikar artzainek Coloradoko (AEB) basoetan utzi zituzten mezuak, lertxunen oskolean egindako marrazkien forman, galtzen ari dira gutxinaka-gutxinaka. Arrazoia kasu askotan zuhaitzen adina baizik ez da, baina izurriteak eta suteak ere kaltea eragiten ari dira. Adituen esanetan artzainen bakardadearen testigantza bizi hauen %75a galdu egin da jada. Denver Post egunkariak arazoa aipatzen zuen bere atzoko zenbakian, Jason Blevins-ek sinatutako artikuluan.
San Juan National Forest basoan artzainek zuhaitzen oskoletan utzitako komentarioak adierazgarriak dira oso: 'Milioi bat ordainduta ere ez nintzateke hona bueltatuko datorren urtean' edo 'Colorado gorroto dut'. Negu osoan artaldeekin mendietako bakardadean lan egiten zuten artzainen lekukotasuna mutua baina esanguratsua dira. 'Erabat isolatuta sentitzen ziren eta zuhaitzei kontatzen zizkieten penak', azaltzen dio Denver Post egunkariari Joxe Mallea-Olaetxe, Nevadako Center for Basque Studies-ko historialariak. Mallea-Olaetxek hogei urtetik gora daramatza euskal artzainek utzitako lertxun-marrak bildu eta aztertzen. 'Terapia antzekoa zen beraientzat, idatzi eta gero hobeto sentitzen ziren', esaten dio Jason Blevins kazetariari.

Orain dela ia 150 urte euskaldun asko heldu zen Kaliforniara eta neguan zehar artaldeak zaintzeari ekin zioten, ondoren udaberrian meatzariei saltzeko. Kaliforniatik, ekialderantz jo zuten, Arizona, New Mexico, Wyoming eta Coloradoraino iritsiz. Euretako askok aztarna utzi zuten zuhaitzetan, arborglifo edo lertxun-marrak izena duten marrazki hauek alegia.

Notak, aieneak eta irudi erotikoak

Marrazkiek artzainek familiatik eta etxetik urrun egotearekin sufritzen zuten bakardadea azaltzen dute. Batzuk izen eta data soilak dira, edo beste artzainei utzitako abisuak, iturburu bat gertu zegoela esanez, edo arrisku baten berri emanez. Badaude ere sorlekuan gelditutako kuttuna gogoratzen duten marrazkiak, zaldi edo sugeen irudiak edota inguruko putetxe batera eginiko bisitaren kontaketa grafikoak.

Angie Krall Medicine Bow-Routt National Forest basoan arkeologoa da eta 'lertxunetako liburu erotiko' bat egin nahian dabil, baso honetan marrazki lizun asko topatu ditu eta. 'Batzuk oso gordinak dira, baina gehienak bakardadearen adierazpen artikulatua direla uste dut', azaltzen du.

%75-a galdu da jada

San Juan Mountains Association elkarteak artaldeen bideetan zeuden lertxun marrak ikertu zituen 2001ean eta berriz ere 2003an, aztertu ere Colorado Historical Society elkartearen laguntza bati esker. Ikerlariek mila bat marrazki aurkitu zituzten berrehun bat zuhaitzetan.

Baina gero eta gehiago ikerlariek marrazkiak lehenbailehen bildu beharraz insistitzen dute. Colorado hegoaldeko lertxunen sustraiak --eta ondoren arbola berfa-- akatzen ari den izurrite bat ari da hedatzen, eta suteek ere kalte handiak eragin dituzte basoetan. Arazo nagusia, baina, natura bera da: zuhaitz hauek 80-120 urteko bataz besteko bizitza dute eta asko hiltzen ari dira. Mallea-Olaetxek dagoeneko marrazkien %75-a galdu dela gaineratzen du.


Lotura interesgarriak

Aspens hold fading tales of loneliness
Denver Post egunkarian, Jason Blevins-ek sinaturik

Lertxun marrei buruzko erakusketa Renoko Euskal Liburutegian
www.library.unr.edu


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia