euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pello Mari Otaño bertsolariaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko prestakuntzak hasi dira jadanik

2009/12/23

Pello Mari Otaño bertsolaria (1857-1910)
Pello Mari Otaño bertsolaria (1857-1910)

PUBLIZITATEA

Pello Mari Otaño bertsolaria Rosarion (Argentina) hil zenetik 100 urte beteko dira hastear dagoen urteko maiatzean. Diasporarekin harreman berezia zuen olerkariari, dagokion omenaldia egingo zaio eta horretarako prestakuntzak abian jarri dira jadanik bere jaioterri Zizurkilen. Otañoren memoria behar den bezala goraipatu eta aldarrikatzeko herriko hainbat erakundek bat egin dute, eta jadanik 3 bilera izan dituzte ekitaldiak eztabaidatzeko. Blog bat ere argitaratu dute bertartik omenaldiaren inguruko guztia jarraitzeko.

Zizurkil, Gipuzkoa. Gainean dugun 2010. urteko maiatzaren 7an, bertsolaritzan hainbesteko ekarpena egin zion Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena beteko da. Zizurkilen jaio eta Rosarion (Argentina) hil zen bertsolariak, bere jaioterrian zein lurralde argentinarretan aritu zen bertsolari eta bi tokiotan zabaldu zituen bere bertso berezi eta berritzaileak. Bai euskal aberriarekin eta bai Diasporarekin harreman estua edukitzeagatik, heriotzaren mendeurrena dela eta maiatzean egingo zaion omenaldiak Euskal Herrian bakarrik ez, Argentinan ere isla edukiko du eta, jadanik, prestaketak hasi dira.

Zizurkilgo herrian, mendeurrenaren ospakizunak prestatzen ari diren erakundeak Teodoro Hernandorena Elkartea dira (Julian Arrastoa, Gurutze Asuabarrena eta Joxin Azkue ordezkari), Pedro Mª Otaño Ikastetxea (Arantxa Lasa), Herrigintza (Peio Argaia eta Aitor Sarasua) eta Udala (Mª Angeles Lazkano, alkatea, eta Ainhoa Larrea, Kultura eta Euskara teknikaria), Otañoren senitartekoekin batera. Aurreko urrian hasi ziren bileretan elkartzen, azkenekoa abenduaren 2an izan zuten eta hurrengoa urtarrilaren 13an izango dute.

Prestakuntzak maiatzari begira

Lehenengo bilera egin ondoren, Argentinako senitartekoekin harremanetan jarri ziren eta handik ere omenaldia dela eta ilusioz beterik daudela jakinarazi zieten. Bizi den biloba batek, Txurik, pasaportea atera berri du omenaldian Euskal Herrira bidaitzeko (Otaño Argentinan bizitu zen bitartean egindakoaz dagoen materiala biltzeko eskatu zaio). Bertsolariaren beste biloba bat ere bizirik dagoela jakin da (Mexikon) eta berarekin harremanetan jartzen ahalegintzen ari dira. Bestalde, antolatzaileek Argentinako antolatzaileekin adostu nahi dute bi omenaldiak egun berdinean ez egitea, familiartekoek bietan egon nahi baitute.

Otañoren heriotzaren mendeurrena 2010eko maiatzaren 7an betetzen denez, omenaldia egun horretan bertan egitea proposatu eta onartu da azken bileran, ondorengo ekitaldi posibleak aztertuz: Maiatzaren 7, arratsaldean, Udaletxean ekitaldi bat presta daiteke Otaño herriko Seme Kuttun izendatzeko. Ondoren, frontoian herri afari bat antolatuz bertsolariekin. Bestalde, omenaldiaren inguruan blog bat martxan jarri da: http://zizurkil.wordpress.com

Otañoren izena daraman herriko eskolak, bere aldetik, ondorengo ekitaldiak antolatuko ditu: Maila guztietan aztertuko dute zein izan zen Pello Mari Otaño, ikastetxeko irratian irratsaioak egingo dituzte (familiartekoei elkarrizketak, etab.), maiatzean bertso emanaldi bat egingo dute, ikastetxean Otañoren omenezko txoko bat sortuko (argazkiak, testuak eta abarrekin) eta biltzen ari diren material guztiarekin liburuxka bat argitaratuko dute.

Bertsolari herritarra

Pello Mari Otaño Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen 1857an eta Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil 1910an. Herriko bertsolaria zen Otaño, oso jantzia, aldi berean, literaturarako joera handikoa eta oso ezaguna, bere bertso paperak direla-eta. Argentinan ere lehenengo euskara irakasletzat hartua da eta eginkizun horrek lotu zuen bertsolaria eta Buenos Aires-eko Laurak Bat Euskal Etxea, zentroan jarduera horretan aritu batzen 1904tik 1906ra. Bestalde, bereak dira 'Txepetxa', 'Mutil koxkor' edo 'Limosnatxo bat' bertso ezagunak.

[OHARRA: Jakin badakigu gure irakurle argentinarren artean Otañoren ondorengorik badagoela. Jarri zaitezte mesedez harremaneran ekitaldiotako antolatzaileekin edo, bestela, gure erredakzioarekin. Mila esker]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia