Teresa del Vallerentzat izango da Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 2018. Gizarte eta Kultura Antropologian oinarritutako jardunbide garrantzitsu baten jabe, epaimahaiak bere aitzindari lana azpimarratu du eta bizitza osoan "Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalari" eginiko ekarria. Besteak beste Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruari ere lotua egon da eta bertan 1990etan Linda White, Jeronima Echeverria eta beste akademiko batzuekin 'Consortium for the Sudy of Basque Women' sortu zuen.
Donostia-San Sebastian. Eusko Ikaskuntzak ohar batean jakinarazi duenez, Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa 2018 Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Teresa del Valleri egokitu zaio. EIren jarduera eremuko sei unibertsitateetako errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta Laboral Kutxako Lurralde Zuzendariak osatu dute epaimahaiak gailendu du antropologo donostiarraren "obra globalak modu eraginkorrean lagundu du(ela) Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalean". Izan ere, Antropologia feministaren lehen sustatzaile garrantzitsuenetako bat da Espainiako estatuan, gogora araziz.
Teresa del Valleren ikerketa-lerro nagusiak honakoak izan dira: kritika feminista gizarte-antropologian; hiri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; metodologia kualitatiboak. Egindako lana, "bere ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere", betiere ikuspegi antropologikoa abiapuntua izanik.
Bere ingurune soziokulturalari buruzko ezagutza mundura irekitzen eta bertan proiektatzen jakin du, segitzen du oharrak, analisi antropologikoaren bitartez. Diziplina antropologikoa hedatu eta sendotzeko bere eginkizuna Europara zabaldu da; zentzu horretan, European Association of Social Anthropologists erakundearen fundatzaileetako bat izan zen 1989. urtean, baita European Society for Oceanists erakundearen fundatzaileetako bat ere, 1996. urtean.
Jarduera dibulgatzaile garrantzitsua garatu du, eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruko ibilbide luzea egin du. Berrogei urte baino gehiago daramatza irakaskuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) nahiz Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetan.
Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Saria, 1995ean sortu zen, Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arteak, eta Gizarte Zientzien alorrean, zentzu zabalenean, curriculum nabarmeneko jardunean ari diren pertsonak saritzeko. Saritutako pertsonaren lanaren osotasunak Euskal Herriaren kulturaren garapenean lagundu behar izan du.