euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Huang Hui, euskaldunberri txinatarra: "Txinatarrak zein euskaldunak jende lotsatia gara; baina guk ez dakigu zer den parranda"

2015/02/05

Huang Hui edo Marta --bi izenak erabiltzen ditu norekin dagoen kontuan hartuta-- bere lantokian Kunshanen (argazkia EuskalKultura.com)
Huang Hui edo Marta --bi izenak erabiltzen ditu norekin dagoen kontuan hartuta-- bere lantokian Kunshanen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Huang Hui du izena, baina bere lagun euskaldunek Marta deitzen diote. 27 urte dauzka eta pertsona-kudeatzaile gisa ari da lanean Antzuolako Elay enpresak Shanghai-Kunshan-en daukan faktorian. Skype bidez ikasten du euskara eta zinez segurta dezakegu lan izugarri ona ari dela egiten.

Joseba Etxarri/Shanghai, Txina. Bi urte dira euskara ikasten hasi zela. Astero hartzen ditu eskolak Skype bidez Lazkaon daukan irakaslearekin eta joan den udan hilabeteko barnetegia egin zuen Maizpiden. Aurrekari hauekin, euskara ederrean errezibitu gaitu teknologia altuko Elay enpresa antzuolatarrak Txinan daukan lantegian. Konpainia honek euskara enpresa barnean modu aktibo eta normalizatuan erabiltzeko daraman apustuaren adierazgarri da gure solaskidearen euskal arrakasta, besteak beste Elayk erraztasunak ematen baitizkie bere langileei euskara ikasi eta hobetzearren. Bere bulegoko beste bi lankide txinatar ere hasiak direla euskara ikasten esaten digu elkarrizketa honi ekin aurretik.

-Huang Hui edo Marta?

-Huang Hui.

-Nondik heldu zaizu Marta?

-Hizkuntzak gustatzen zaizkit eta ingelesa ikasi nuen, gero erdara eta orain euskararekin ari naiz. Klase batean, espainola ikasten, irakasleak izen bat aukeratzeko esan zigun. Neri Marta gustatzen zitzaidan edo geroztik Marta naiz hainbat jenderentzat.

-Mundu globalizatu honetan, makina bat jende ari da txinera ikasten; zeure kasuan, zeu txinatarra izanik euskara ari zara ikasten.

Gustatzen zait euskara, oso hizkuntza ederra iruditzen zait. Gainera euskaldunekin egiten dut lan eta ikusten dut komeni zaidala ikastea: ni pozik nago eta haiek ere. Niretzat tresna bat da, lanean laguntzen dit eta oso gustura ari naiz. Uste dut hizkuntza oso garrantzitsua dela herri batentzat eta babestu behar dugula.

-Hirutan egon zara Euskal Herrian.

-Lehenengoa duela hiru urte. Gure enpresaren egoitza nagusia bisitatu genuen eta shock bat eragin zidan. Ideiarik gabe joan nintzen eta pentsatzen nuen hiribide luzeak, eraikin altuak eta merkatu handiak egongo zirela, Shanghain bezala, baina mendiak, natura eta dena oso-oso berdea topatu nuen, oso polita, baina ez zen batere nik irudikatzen nuena.

-Seguru pasadizoren bat izango duzula kontatzeko...

-Ummm (pentsakor geratzen da)... Joan den udako bat kontatuko dizut. Zaldibiara atera ginen lagunekin, herriko festak ziren eta esan zidaten kontzertua zegoela. Nik, oso ondo, goazen kontzertura, pentsatu nuen. Eta kontzertuaren momentua iritsi zen eta o, Euskal Herriko musika zen! Gazte asko zeuden, oso pozik dantzan... baina niretzat ezustekoa handia izan zen, guretzat Txinan kontzertu bat rock, pop, punk edo halako zerbaitena baita beti, ez musika txinatarra. Gainera, hemen, gazte gutxi joaten dira, ez zaie gehiegi interesatzen musika tradizionala.

-Zure kasuan, uste dut euskal dantzekin dezente ongi moldatzen zarela.

-Tira (barre egiten du), barnetegian ikasi nuen zeozer, jota, aurresku zazpi jauzi...

-Txinatarrak eta euskaldunak, edo oro har txinatarrak eta mendebaldekoak, hain desberdinak diren bi mundutakoak al gara?

-Baditugu antzekotasun batzuk ere. Txinatarrak eta euskaldunak, esaterako, biak gara jatorrak eta lotsatiak. Euskaldunak, askotan, gu bezain lotsatiak izan daitezke. Eta biak gara jende lanpetua. Baina euskaldunek guk baino parranda askoz gehiago egiten dituzue.

-Nola?

-Hori bai esango nuke alde handi bat dela gure artean. Txinatarrok ez dugu parrandarik egiten, ez dakigu zer den hori, bereziki ezkondu eta gero. Etxean geratzen gara beti. Batzuetan lagunekin irteten gara, baina ez asko. Afaldu bai egiten dugu etxetik kanpo, baina parrandarik gabe, ez dago halakorik gure kulturan. Afarian zerbait, asko ala gutxi, edan dezakegu, baina gero etxeratu egiten gara, ez dugu tabernara joateko ohiturarik.

-Orkorrean, nola ikusten gaituzu euskaldunak?

-Hasieran itxura seriokoak zarete, baina gero, ezagutu eta gero, jatorrak, umore ona daukazue. Ni oso gustura ari naiz lanean euskaldunekin.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia