euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hotzari aurre eginez, ekainaren 23tik joan den larunbateraino, hego konoko Euskal Etxeek San Juan gaua ospatu dute

2023/07/05

Euskal Etxeek antolatutako San Juan suak promozionatzeko irudiak
Euskal Etxeek antolatutako San Juan suak promozionatzeko irudiak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Sasoi honetan tenperatura altuak izaten dituen hego hemisferioan ez bezala —udan sartu berriak—, Hego Konoan —hemen, berriz, negua hasi berria— hotzak suaren inguruan biltzera gonbidatzen du egunotan. Suak eta ekitaldiak neguko gaurik luzeenean egin dira, baina baita bezperan, eta ondoko egunetan ere. Bertako eta munduko beste hainbat lekutako Euskal Etxeek San Juan gaua dantzari, afariak antolatuz eta oro har elkarretaratuta egin dute bat festarekin.

Lehenengo ospakizunak San Juan bezperan egin ziren, ostiralean, ekainaren 23. Gogora dezagun suaren eta solstizioaren festa ez dutela soilik euskaldunek ospatzen, herri eta kultura askok partekatua baita. Euskaldunen kasuan, asko dira euren egutegietan sustraituta daukaten euskal etxe eta komunitateak. Izan ere, eta Covidak ekarritako bi urteko etenaren eta hortik lehengora itzultze bidean, hitzordu ugari izan dira aurten egindakoak. Horietako azkenetako bat, eguraldiagatik atzeratu ondoren, joan den larunbatean Viña del Mar-eko Eusko Etxeak Txilen deitutako San Juan su eta festa. Hona gainbegirada bat, hitzordu horietako batzuk bildurik:

Concordiako Ibaiko Izarrak bat egin zuen festarekin txorizoa sagardotan eskainiz eta su handi baten inguruan dantzatuz, eta “atzean utzi nahi dugun guztia” sinbolizatzen zuen panpina bat errez. Bahia Blancako Unión Vascan arratsaldean elkartu ziren, txokolate bero bat partekatu, sua piztu eta afalordura arte dantza eginez, eta tenperatura baxuei aurre egiteko babarrun goxoak janez. Hegoalderago, Trelewko Haraneko Euskal Etxeko lagunek “Neguko solstizioak gau magikoa dakarkigula” esanez deitu zuten kantatzera, afaria 'saskira' partekatzera, sua piztu eta topa egitera.


San Juan sua prestatzeko lanak Las Flores-ko Loretako Euskaldunak-en eskutik (irudia Las Flores TV)

Larunbatean, ekainaren 24an, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak sua piztu, euskal dantza erakustaldia gauzatu eta dilista gisatuak eskaini zituen. Tandilgo Gure Etxeak De las Carretas Plazara deitu zuen, eta bertan piztu zuen sua eta txokolate beroa eta dantzak partekatu zituen. Trenque Lauquen-en, Euskal Sustraiak Euskal Etxeak antolatutako karabana bat Udal Jauregitik abiatu zen eta panpina erre zen tokian gozokiak eta txokolate beroa banatu zituen. Patagonian, joaldunak txalotuak izan ziren Viedmako Aberri Etxeak antolatutako sutegian. Bildotsa txilindron erara eskaini zuten Abestu Beti abesbatzak girotutako afarian. Comodoro Rivadavian, Euskal Echea Elkarteak Iberiar Penintsulako gizataldeek antolatutako su eta festan parte hartu zuen eta gauean euren egoitza sozialean erromeria egin zuten.


Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxekoek antolatutako sua eta panpinen erretzea (arg Beti Aurrera)

Igandean, ekainaren 25ean, Azulgo Gure Txokoak, Udalak, Güemes auzoan antolatutako ekitaldian parte hartu zuen. Argentinako ospakizunak ekainaren 28ra arte luzatu ziren, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak antolatutako ospakizuna, eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan baitzuten eta, eguna aldatu behar izan ondoren,, azkenik joan den asteko asteazkenean lortu zuen sua piztea eta desio onak eskatzea.

Montevideon (Uruguai), ekainaren 23an, ostiralean, Haize Hegoak antolatutako San Juan sura bertaratu zirenek enborrak, adarrak eta egur puskak eraman zituzten, baita gertaera triste eta txarrak paperetan idatzita ere, guztia sutara botatzeko. Ondoko gauean, larunbatean, Eusko Indarra, euskal ete montevideotar honetako dantza taldeak, bere artearekin erakustaldi batean parte hartu zuen Galiziako gizataldeko Xuntos dantza taldeak antolatutako festan. Azken San Juan festetako bat Txilen, Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxeak uztailaren 1ean antolatutakoa izan zen, euskal dantza erakustaldi bat eskainiz, enpanada eta kandola lagun.

Eta azkeneko bideo bat, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxekoa:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia