euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Horacio Marottok irabazi du FEVAren karneta diseinatzeko lehiaketa, 'Zortzigarren herrialdearen ideia' oinarri hartuta

2007/06/05

Horacio Marotto FEVAren karneterako egin zuen diseinu irabazlearekin (EuskalKultura.com arg.)
Horacio Marotto FEVAren karneterako egin zuen diseinu irabazlearekin (EuskalKultura.com arg.)

PUBLIZITATEA

Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak (FEVA) urtarrilean jarri zuen abian bere kideentzako karneta diseinatzeko lehiaketa. Irabazlearen izena orain eman du aditzera: Horacio Marotto Etxezahar. Epaimahaiak aho batez aukeratu du Marottoren lana prozesuak izan dituen hiru ataletan. Marotto euskal argentinar komunitateko kide gogotsua da eta gaur egun Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeko lehendakaria. 'Agiri berriaren diseinuan agertu dudana aspaldian buruan bueltaka zebilkidan ideia izan da: Diaspora 'Zortzigarren Herrialdea' dela iruditan azaltzea', esan dio Marottok BasqueHeritage.com-i.
FEVAk ezagutzera eman du erakundeko agiria diseinatzeko lehiaketa irabazi duen sortzailearen izena. Horacio Marotto Etxezahar da bera eta Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxearen ordezkari gisa aurkeztu zen lehiaketara. Marottoren lanak arrakasta handia izan du eta epaimahaiak aho batez aukeratu du. Epaimahaiko kide ziren Euskal Etxeen ordezkariak, La Platako Diseinu Grafikoko Fakultateko adituak eta federakundearen Zuzendaritza Batzordeko kideak. Marottok berak aitortu digunez, EuskalKultura.com-en bitartez izan zuen lehiaketaren berri eta bere diseinuan aspaldian buruan zebilkion ideia irudikatu du: Diaspora eta Euskal Herriaren arteko harremana, Diaspora zortzigarren herrialde gisa alegia.

[Marottok diseinatu duen FEVAren karnetaren eredua]

Marottok sortu duen diseinuaren aurreko aldean FEVAren logoa eta berak 'Zortziak Bat' deitu duen isotipoa ageri dira. Aurrealdean ere, karnetaren jabearen Euskal Etxearen izena dator. Atzeko aldean bazkidearen datuak, argazkia eta agiriaren zenbakia azaltzen dira. Atzeko alde hau osatuz urteroko bazkide kuotaren kupoia jartzeko tarte bat ere dago.

Zortzi herrialdeen puzzlea

Diseinatzailearen esanetan, 'Zortziak Bat'ek Euskal Herriko zazpi herrialdeak ikurriñaren irudia duen puzzle baten bidez adierazten ditu. Zortzigarren piezak edo herrialdeak argentinar banderaren koloreak daramatza eta Argentinako diaspora irudikatzen du. Pieza honek 'puzzle'-a ixten du, Euskal Herria eta Diasporaren arteko loturaren irudi. 'Banderak, nire ustez herri bat bere osotasunean adierazten du: hizkuntza, musika, dantza, paisaiak, sukaldaritza, kultura osoa', azaldu dio Marottok gure buletinari.

Artistaren aurrekariak

2004an hurbildu zen lehen aldiz Marotto Toki Eder Euskal Etxera, euskara ikasteko hain zuzen. Harrez gero euskal kultura eta komunitatearekiko interesa eta konpromisoa areagotu baino ez ditu egin. Lan eta ekarpen horren adierazle, aurten bere Euskal Etxeko lehendakari aukeratua izan da. Alderdi profesionalari dagokionez, bere euskal lanek sari ugari jaso dituzte. 2004an FEVAk antolatu zuen euskara sustatzeko afitxeen lehiaketa irabazi zuen eta 2006an federakundeak euskal etxeetan banatzeko Euskal Herriko mapa egiteko enkargua eman zion. Beste lanen artean, 2006an EHNA agiria zabaltzeko afitxe bat ere diseinatu zuen. [Ezkerreko irudian, EHNA agiria sustatzeko afitxa]


Lotura interesgarriak

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Lehiaketaren deialdia
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia