euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Horacio Marottok diseinatutako euskal afixek iragartzen dute Toki Eder Euskal Etxearen 2007rako programa

2007/04/04

Toki Eder Euskal Etxearen kanpoko aldea, Horacio Marottoren afixe eta diseinu lanekin
Toki Eder Euskal Etxearen kanpoko aldea, Horacio Marottoren afixe eta diseinu lanekin

PUBLIZITATEA

Artista da José C. Paz herri argentinarreko Toki Eder euskal etxeko lehendakari hautatu berria duten Horacio Marotto, eta urteak daramatza afixak eta bestelakoak diseinatzen. Berak eginiko lanek behin baino gehiagotan iragarri izan dituzte hango eta hemengo euskara klaseak eta, oro har, Argentinako euskal ekintzak. Toki Eder-eko presidente hautatu berria izanak ez dio aitzekirik eman bere Euskal Etxeak 2007rako antolatzen dituen ekintzen afixak ez egiteko eta aurtengoan ere berak sortutako lanak dira José C. Paz-eko herritarrei euskal ekintzetara ingura daitezen gonbitea luzatzen diena [Bere estiloa gustatzen bazaizu bederen, zergatik ez berari enkargatu zure erakundeak, Diasporan edo Euskal Herrian, egin behar duen hurrengo ekitaldiaren kartela?]
Buenos Aires probintziako 'Toki Eder' Euskal Etxearen egoitzaren aitzinean zenbait afixek erakundeak 2007rako prestatutako programak iragartzen dituzte. Euskara, euskal dantzak, sukaldaritza ikastaroak eta kirolak dira bertakoen eskutik egiteko eskaintzen diren aukeretako batzuk, guztiak zabalik bazkideentzat eta José C. Paz-eko bestelako herritarrentzat. Baina, beste toki askotan ez bezala, ikastaroen eta gainerako proposamenen berri emateko, Toki Ederrek baliabide edo pertsona berezia dauka hori guztia modu artistikoan egiteko: Horacio Marotto Etxezahar, langintza horretan hamaika fruitu eman dituen diseinatzailea eta iragan berria den hilabetean Euskal Etxeko lehendakari hautatu dutena, gainera.

Asteko egunetan ere klase eta aktibitate dexente dago, baina hasi berria den ikasturtean larunbata da José C. Paz-eko Euskal Etxean egunik beteena, egun horretan goizeko 11etan hasten baita eguna lehen mailako euskara ikasleentzat, ondoren gaztetxoentzako dantza saioak eta plastika eta kultura eskolak eskaintzen direla, maistra edo errientsa espezialduek emanik. Arratsaldeko hiruretatik bostak arte, berriz, nagusien taldekoen txanda da, euskal dantzei dagokienez, eta ondoren maila aurreratuko euskara klaseak datoz. Horrez gain, bi astean behin sukaldaritza klaseak daude larunbatetan, eta haiekin batera euskal plater tipikoen dastaketak.


Lotura interesgarriak

Zuzendaritza berria Jose C Pazeko Toki Ederren
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 28an

Toki Eder eta Oñati herri indigenen alde
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 24an

José C. Pazeko Euskal Etxearen X. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia