Lazkao, Gipuzkoa. Euskara gutxi edo ezer ez dakizu, baina urratsak eman nahi dituzu oinarrizko hiztegia behintzat zeureganatzearren? Ez da agian zeure kasuan izango, baina seguru inguruan badituzula jendeak honelako laguntza baten zain urratsak emateko oinarrizko euskal hitzak ikastearren. Euren ama-hizkuntza gaztelania, galiziera, katalana, ingelesa, frantsesa, errumaniera, arabiera edo txinera badute, baliabide berri eta erabilgarria atera du eurentzat Lazkaoko Udaleko Euskara Zerbitzuak, paperean eta online.
Oinarrizko hiztegi eleaniztunak 36 orrialde ditu eta gaika antolatuta dago, alor hauetan oinarrizkoak diren berba eta esamoldeak bildurik: Agurrak, Denbora, Norabide-lekuak, Garraioa, Familia, Hotelean, jatetxean, tabernan, Janaria eta edaria, Egunak eta hilabeteak, eta Zenbakiak.
Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu duenez, "ekimen honek euskara ez dakiten herritarrak euskararen oinarrizko ezagutzara hurbildu nahi ditu. Euskararen Erabilera Plana egin berri dugu, eta bertan ezartzen den lan-lerroetako bat gure herriko ez-euskaldunei euskara ezagutarazi, ikasten lagundu eta gizarteratzen laguntzea da. Horri erantzuten dio zuzenki ekimen honek”, azaldu du.