Boise, Idaho, AEB. NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteen Federazioko lehendakari Philippe Acheritogaray-k Bizi Emankorra saria eskuratuko dio gaur Miren Artiach-i haren jaioterri Boisen. NABOk bizitza oso bateko euskal kultura eta euskal komunitatearen aldeko lana gailentzeko duen sari hau 2021eko edizioan egotzi zion Miren Artiach-i, eta gaur federazioak Homedalen egingo duen bileraren ondotik emango dio, bilerakide eta delegatuak Boisera joanda, Boiseko Euzkaldunak-en egoitzan gauzatuko duen odolki-afariarekin bat.
Miren Edurne (Rementeria) Artiach, Boisen jaio zen, gurasoak Euskal Herriko euskaldunak, eta euskara izan zuten hasieratik familian etxeko hizkuntza. Bere bizitza osoan euskarari, euskaldunei, euskal kulturari eta Boisen alor horietan sortu izan diren ekimen gehienetako partaide edo sustatzaile izan da: Euskal Etxea bera, euskara klaseak, Euskal Ikasketak, abesbatza, Music Camp (Udaleku), Museoa, EHrekiko elkartasun ekimenak, Oinkari eta etengabe egindako beste hamaika lan euskaltzale. NABOren kasuan, federazioaren sorreraren eragileetako bat izan zen eta 1973an, NABO sortzeko lehenengo bileran hartu zuen parte Renon eta NABOko lehen idazkaria izan zen.
Idahoko estatu-idazkari Pete Cenarrusarekin luze bere bulegoburu izatean, euskaldunek beti zeukaten Idahoko Kapitolioan lagun eta kontaktu ezinhobea. Jose Mari Artiach muxikarrarekin 1974ean ezkondu eta 2019an alargundua, familia euskalduna hazi zuten Boisen, Aitor eta Andoni semeekin. Bizi emankorra sariaren izenak esangura osoa hartzen du Mirenekin. 2018an, Boiseko Euzkaldunak-en "Legacy Award" jaso zuen (hor klik eginez topa daiteke bere bizi emankorraren laburpen detailedunago bat).
Zorionak, Miren, eta eskerrik asko!