Homedale, Idaho, AEB. Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxeak doaniko oinarrizko euskal dantza ikastaro bat iragarri du ekainaren 8an bere egoitzan, izan ere Estatu Batuetan uda osoa ere hartzen duen, baina berez maiatzean hasi eta urrian amaitzen den urteroko euskal piknik edo jai sasoiari behar bezala eusteko. "Euskal jaien sasoia hemen dela, ikasi euskal dantza ezagunenak eta gustura egin dantza euskal jaietan", dio euren deiak.
"Guztiak, helduak, haurrak, euskaldun ala bihotzeko euskaldun, denak ongi etorriak zarete ekainaren 8an arratsaldeko 6:30etatik 8ak arte egingo den ikastarora. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Bost urtetik gorakoentzat eta doan", proposatzen du.
Txoko Onak, izan ere, gogotsu ekin dio pandemia hasi ostean lehenengo uda 'normalizatua' izatekotan den honi, eta horren barne 'San Juan Eguna Basque Festival' jaialdia antolatu du ekainaren 26rako, Euskal Herriko San Juan sua eta festa Estatu Batuetara ekarriz. Aire libreko familia osoarentzako ekitaldi gisa planteatu du, zuzeneko musika, dantza, janaria eta San Juan suarekin eta oso itxura oneko aukera interesgarria ekartzen die euskal tradizioen zale diren inguruko euskal-amerikar eta oro har herritar guztiei.
San Juan programa ekainaren 5ean
- 16:00 Ateak zabalduko dira EEaren egoitza eta larrean
- 17:00 Mus partidak
- 18:00 Homedale-ko Herribatza Dantzariak
- 19:00 Boiseko Oinkari dantzariak
- 20:00 Joko tradizionalak, musika zuzenean eta dantzaldia eta San Juan Sua
Doaniko ekitaldia da, familia osoarentzat zabalik eta herritarrak oro dira ongietorriak. Nahi duenak aulkiak, mantak edota belarrean eroso egotekoak ekar ditzake.
-Txoko Ona Euskal Etxearen lana sostengatu nahi baduzu, ikus hemen