euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Korrika Fun Run', Idahoko Mountain Home herrian euskararen alde urtero eratzen den Korrika arrakastatsua

2014/06/17

PUBLIZITATEA

Euskara lokarri, egun jolasgarri eta dibertigarria pasatzea dauka helburu. Hogeita hamar bat lagun batu zituen, ekainaren 7an, ‘Korrika Fun Run’ legez bataiatu duten euskararen aldeko aldarrian, Mountain Home-n (Idaho, AEB). Gazte eta heldu, emakume eta gizon, “giro onean” egin zuten 5 kilometroko ibilbidea (3,1 milia), Goisalde Jausorok Euskalkultura.com-i azaldu dionez. Jausoro antolakuntzan laguntzen aritu zen.

Mountain Home, AEB. “Euskal Etxien hasi eta amaitu genduan, frontoi alboan. Apur bet herrixen barruen eta gero kanpotik egin genduan buelta”, Jausororen berbatan. Korrikalari gazteak eta nagusiak ibili ziren, bakoitza bere abiaduran, “batzuk arinago, beste batzuk astiroago, baina danak ondo”. Arratsaldeko ordu bietan hasita, ordubete behar izan zuten, gutxi gora-behera, ibilbidea amaitzeko. Ondoren, jaialdi osteko merienda lauretan hasi zen.

Familiak, zahar, gazte eta umeak giro onean euskararen inguruan batuak egunpasa polit bat ospatzeko, hori da Mountain Home-ko 'Korrika Fun Run' (fun run-ek, korrikaldi dibertigarria nahi du esan). Euskal Herrian Korrika bi urtean behin egiten bada, hemen urtero, formato txikian baina borondate eta atxikimendu handian. "Euskara dibertigarria eta ondo pasatzeko tresna delako".

“Txorizoa, bokadilloak, entsalada, ardoa eta horrelakoak ekarri ebazan jendeak”, azaltzen du Jausorok. Euskal Etxeko kanpoaldean egin genduan jan-edana, lagunartean batuta gozatuz. “Ez zan kanpoko inor bez etorri, danak bertako euskal etxekoak izan ginan”, erantzun du Jausorok batu zan jendeaz galdetuta.

2011. urtean antolatu zuten lehen aldiz Korrika Mountain Home-n eta ordutik “urtero itten dogu”, azaldu du. Euskal Herrian Korrika ospatzen denean otsaila eta martxoa inguruan izaten denez, orduan ospatzen dute Idahoko herri honetan ere. Baina Korrika urtea ez denean, hobekien doakienean antolatzen dute lasterketa Mountain Home-koek.

“Urte batzutan jende gehixau egoten da, beste batzutan gitxixau, baina hogeita hamar (lagun) inguru beti”, azpimarratzen du Jausorok, aurtengo ekitaldiarekin “pozik” agertuz. “Datorren urtean otsailan edo martxoan ingou, Euskal Herrixan ere itten dabelako”, amaitzen du.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia