Tandil, Argentina. Emakumeen Bigarren Pilota Paleta Topaketa probintziala Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko trinketean izan zen eta 30tik gora pilotari aritu ziren egun osoan norgehiagoka. Partaideak Necochea, Chaves, De la Garma, Dorrego, Gral. San Martín, Rauch, Gral. Belgrano eta Tandil hirietatik etorri ziren, lehenengo Topaketan egin zen legez bi kategoriatan banaturik: ‘Pilota Nukleoan’ (hamaika bikote) eta ‘Gomazko Pilotan’ (bost bikote).
Emaitzei dagokienez, Pilota Nukleo kategorian, Gral. San Martin herriko ordezkariek irabazi zuten eta Gral. Belgranokoak geratu ziren bigarren postuan. Gomazko Pilota modalitatean, Gral. San Martingo Mildredek eta Tandilgo Albertina Corbalek osatutako bikotea izan zen irabazlea eta bigarren lekua Nayra de Carli eta Hanna Goytiño chavestarrentzat izan zen.
Antolatzaileek eta jokalariek oso balantze ona egin dute eta hasiak dira dagoeneko hirugarren Topaketan pentsatzen, data eta lekua oraindik konfirmatzeke, aurtengoa, Tandilgo Euskal Etxean abuztuaren 24an arrakastatsu jokatu ondoren.
Topaketaren argazki gehiago, hemen.