euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hogeita bat euskal etxe argentinarreko ordezkariak bildu ziren FEVAk antolaturiko Kultur Trebakuntza Tailerrean

2007/11/16

Joan den asteburuan Laurak Bat-en eginiko Kultura Lantegian parte hartu zuten lagunak
Joan den asteburuan Laurak Bat-en eginiko Kultura Lantegian parte hartu zuten lagunak

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan, Maria Blanca Irusta irakasleak koordinaturik, FEVAk Kultura Tailer bat bideratu zuen Buenos Aireseko Laurak Bat-en. Tailerraren helburua, "euskal identitatea zabaldu eta honi buruzko gogoeta bultzatzea" zen. Taldeka eta bakarkako lana egin zuten ikastaroan parte hartu zutenek, hainbat gai aztergai. María Blanca Irustak positibo baloratu du esperientzia, "ideia ezberdinak errespetuz eztabaidatu ditugulako, gazte eta helduen ekarpenen aberastasunagatik eta ekimenak berak piztu zuen interesagatik", laburbildu dio EuskalKultura.com-i.
FEVAk antolaturik, joan den asteburuan --azaroaren 10 eta 11ean--, Argentinako 21 euskal etxetako ordezkariek Kultur Trebakuntza Tailer batean partu hartu zuten. Gai ugari landu zutuzten Maria Blanca Irusta irakaslearen zuzendaritzapean, hala nola kronologia historikoa, Euskal Herriaren jatorriari buruzko hipotesiak, Familia eta Etxea, Foruak, erritualak, sinismenak eta mitologiako pertsonaiak, besteak beste. Honez gain, gaietan gehiago sakontzeko eta ikertzeko oinarrizko bibliografia ere eman zien Irustak.

Tailerraren metodologiari eutsiz, gogoeta eta solasa sustatu zen ardatz ezberdinen inguruan, tartean 'nazio ideia' eta 'euskaldunon kasuan gainditu beharreko gatazka politikoa'; 'euskal nortasuna'; 'arbasoengandik jasotako ondarearekiko konpromisoa' (historia, tradizioak, ohiturak, hizkuntza); 'kulturaren izaera ezberdinak eta adierazpen anitzak'; 'euskal errealitatea bizitzeko era ezberdinek dakarten aberastasuna'; 'ekimen zehatzen hedatze lanetan norbanakoak eta euskal etxeak duten erantzunkizuna'.

Partehartze handia

Tailerraren antolatzaileek oso arrakastatsutzat jo zuten ekimenaren garapena. Alde batetik hogei euskal etxe baino gehiagok parte hartu zutelako. Bertan zeuden Mar del Platako Denak Bat, Saladilloko Itxaropen, Posadaseko Euskal Jatorri, Rosarioko Zazpirak Bat, San Luiseko Eusko Etxea, Misioneseko Corpus Christi Euskal Etxea, Cordobako Gure Txokoa, Villa Mercedes (San Luiseko) Euskal Etxea, Bs As-eko Emakume Abertzale Batza, Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea, Bahia Blancako Union Vasca, Bolivarreko Danak bat, Tandileko Gure Etxea, Buenos Aireseko Laurak Bat, Santa Feko Gure Etxea, San Nicolaseko Euskal Etxea, Comodoro Rivadaviako Euzkal Etxea, Chacoko Kotoiaren Lurra, Chivilcoyko Beti Aurrera, San Juaneko Eusko Etxea eta Concordiako Euskal Kolektibitateko kide bat. Miren Arozarena eta Felipe Eigheragibel, FEVAko idazkaria, ere bertan izan ziren.

Bestalde, Maria Blanca Irustak Euskalkultura.com-i aipatu dionez, partaideen konpromisoa ere nabarmena izan zen: "denon partaidetzarekin eratu zen topaketa, helduek zein gazteek iritzia eman zuten, euren esperientzietan oinarrituta, jakin nahi zutenari buruzko galdera eta azalpenekin... Honi guztiari dagokionez, esan daiteke tailerraren helburua zinez bete dela".


Lotura interesgarriak

Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna (FEVA)
www.fevaonline.org.ar

FEVAk eta Euskaltzaleaken Euskara Standa Rosarion
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 4ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia