Auzolanerako deia egin zuen, bere egoitza hobetu eta berriz margotzeko, Buenos Aires probintzia barneko euskal elkarte honek eta bazkide eta lagunek egoki erantzun dute. Lanak bukaturik, instalazioak lehenengo euskal afari batekin estreinatu zituen, ehun bat gonbidatu bilduz, etekinak etxeko dantzarientzat. 2017ko ekitaldien aurkezpen ofiziala, berri, martxoaren 18an iragartzen dute etxeko dantzariek, hiriburuan, 'Buenos Aires Celebra'ko agertoki nagusian.
Trenque Lauquen, Argentina. Udako opor sasoiari ere etekina atereaz, koadrila bat sortu zuen Euskal Sustraiak Euskal Etxeak erakundeko egoitzan hobetze lanak egiteko. Taldea ondo baino hobeto aritu zen eta hiru egunetan, instalazioak "berriak balira bezala" utzi ditu, azaldu diote harro EuskalKultura.com-i euskal elkarte trenquelauquendarretik.
Deialdiaren arrakastaren emaitza ona ospatzeko eta erabilera anitzeko aretoa (SUM) berriro inauguratzeko, urteko lehenengo euskal afaria egin zuen Euskal Etxeak joan den larunbatean, otsailaren 18an, zuzendaritza batzordea eta dantza taldea antolatzaile. Dantza taldeko neskak arduratu ziren mahaiak zerbitzatzeaz eta menu ederra eskaintzeaz gain –sarrera bat, oilaskoa entsaladarekin eta postrea–, kalejirak dantzatzen eta euskal dantza emanaldi bat ikusten jarri zituzten antolatzaileek gonbidatuak. Beste koreografia batzuen artean Kaskarot dantzatu eta jendaurretu zuten (ikusi dantza hemen).
Gero eta gutxiago falta da martxoa hasteko eta Trenque Lauquengoa, Hego Amerikako euskal etxe gehienak bezala, barne lana ari da egiten urte berriko programari ekiteko. Urtero egin legez, aurten ere kultur eskaintza zabala luzatuko dio Euskal Sustraiak-ek komunitateari, ume, gazte eta helduentzako dantza tailerrak, euskara klaseak, zine saioak, hitzaldiak eta bestelako proposamenak barne.