Córdoba, Argentina. Urtero bezala, Gerora Euskal Elkarteak Cordobako Unibertsitate Nazionaleko Hizkuntzen Fakultatearekin batera, Hizkuntza Gutxitu eta Gutxiengotuen Topaketa antolatu du. Jardunaldi honetan, hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzten kolektibitateek aukera dute euren ezaugarriak eta bizi dituzten egoerak aztertu eta esperientziak trukatuz gogoeta eta hausnarketa bultzatzeko. Hamalaugarren edizio honetan, hizkuntza baten eta haurtzaroaren artean dauden loturak dira antolatzaileek proposatutako gaia.
"Zer lotura dago hizkuntza baten eta haurtzaroaren artean? Zer ahalmen sortzaile eta sentikor sortzen da mundura iristen denaren eta hura besarkatzen duen hizkuntzaren artean? Seaska-kantak, aho-korapiloak, ipuinak, eskujokoak hitzez lagunduta... hizkuntzari lotutako keinuen unibertso oso bat, haurraren harrera, ostatu eta ongietorri emaile". Galdera inspiratzaile hauekin luzatzen dute gogoetarako eskaintza. Aurten katalana, piamontera, esloveniera, lituaniera (lehen aldiz) eta euskara ikasle eta hiztunak partaide.
Euskal haur kantak eta "Lurra eta Haizea"
Gerora Elkartearen izenean, "Lurra eta Haizea" taldeak haurtzaroko euskal abestiak aurkeztuko ditu. Gogora dezagun talde euskal-cordobatarrak kide dituela Fernando Zabalza eta Santiago Chamorro instrumentari, eta Agustina Madarieta eta Maria Pía Ambroggi ahotsetan, Noe Fernandezen moldaketekin. Bertan arituko den beste talde bat Kataluniako Casal-eko abesbatza izango da, Hugo de la Vega zuzendari, 70 kantarirekin. Argi da Topaketaren edizio honek adierazpen artistiko ezberdinak bilduko dituela.
Hizkuntza Gutxitu eta Gutxiengotuen Topaketa, Gerora Euskal Elkarte cordobatarrak urtero antolatzen duen ekimen bat da, Euskararen Nazioarteko Egunaren datari lotua, eta izan ere berau ospatzeko bere modu berezia du. Hitzordua asteazken honetan, azaroaren 29, gauzatuko du aurten, arratsaldeko 6.30etan, Cordobako Unibertsitate Nazionaleko (UNC) Hizkuntza Fakultateko A Auditoriumean (Av. Velez Sarsfield 187). Bertaratze-ziurtagiriak emango zaizkie gizatalde partaideei.