euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hizkuntz-aniztasunari buruzko Jardunaldiak eta poesia euskaraz Madrilgo Complutense Unibertsitatean

2014/12/01

2012ko Hizkuntz-anistasunari buruzko jardunaldiak Madrilgo Universidad Complutensen (argazkia Etxepare)
2012ko Hizkuntz-anistasunari buruzko jardunaldiak Madrilgo Universidad Complutensen (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Asteazken honetan ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren karira, Madrilgo Complutense Unibertsitatean "Hizkuntz-anistasuna Iberiar Penintsulan" jardunaldia ospatuko da. Saio hauen hirugarren edizioa da aurtengoa, eta ostegunean egingo da, abenduaren 4an. Txekiar poesia ardatz hartuta, olerkiak itzuli eta irakurriko dituzte parte hartzeileek, euskaraz, katalanez, gaztelaniaz eta galizieraz.

Madril, Espainia. Madrilgo Universidad Complutense-k ostegunean egingo ditu 2014ko hizkuntz-anistasunari buruzko jardunaldiak,. Urtero antolatzen ditu saio hauek unibertsitateko Filologi Saileko Euskal Filologia arloak, Karlos Cid-Abasolo irakaslea buru. Aurten, Euskararen Nazioarteko Egunaren ondotik ospatuko dira saioak, eta urtero legez euskarak leku berezia izango du bertan. Halarik ere, oraingoan protagonista nagusia txekiar poesia izango da, antolatzaileen esanetan "europar poesia ulertzeko ezinbestekoa" dena. 

Jardunaldiotan txekiar olerkiak penintsulan hitz egiten diren hizkuntzatara itzulita irakurriko dira, besteak beste, euskaraz, gaztelania, katalanez eta galegoz. Saioek Etxepare Euskal Institutuaren sostengua dute, aurreko urteetan bezala. 

Euskara Complutense Unibertsitetan

EuskalKultura.com-ek Karlos Cid-Abasolorekin hitz egin du, euskarak Complutense unibertsitatean duen egoerari buruz galdezka. "Bi irakaskuntza mota bereizi behar dira. Batetik, euskara UCMko ikasketa planetan, hutsaren hurrengoa da", esan digu. "Bolonia baino lehen", ordea, aukerako irakasgaia zen UCMko fakultate guztietako ikasle guztientzat, eta horregatik neuzkan hogeita hamarna bat ikasle Euskara I eta Euskara II irakasgaietan. Gaur egun, ordea, esan bezala, Filologiako graduetako ikasleek bakarrik ikas dezakete euskara. Ondorioz, Euskara I-en hiru ikasle baino ez dauzkat. Eta haietako bi... euskaldunak, kreditu errazen peskizan datozenak. Egoera penagarria", dio.

Beste irakaskuntza mota Etxepare Euskal Institutuaren Euskara eta Euskal Kultura Irakurlegoari dagokio. "Etxepare Institutuak, aurten bigarren aldiz, lektoretza dauka Complutensen. Irakaslea Arantzazu Fernández Iglesias da. Bere ikasleak fakultate guztietakoak dira eta "kreditu gehigarriak" lor ditzakete. Hortaz, hor askoz ikasle gehiago daude. Aurten, Euskal Kulturan, hamalau ikasle dira. Dena den, joan den ikasturtean egoera antzekoa izan zen, baina Arantzazu Fernandezen lanari esker, ikasle gehienei bigarren lauhilekoan bigarren irakasgaia (euskal hizkuntza) ikasteko gogoa piztu zitzaien", azaltzen du Cid-Abasolok.

Korrika eta "Azken Garaipena" komikia

Bestalde, aipatu osteguneko saioez gain euskara arloak beste zenbait ekimen antolatuko dituela aurten, besteak beste, Korrika txulapoa, Korrika 19rekin  bat eginez Aurretik, komiki oso berezi bat aurkeztuko dute: Iban Zalduaren "Azken Garaipena"  galizieraz, Abasolok eta galiziera lektoreak euskaratik itzulia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia