euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hizkuntz aniztasunaren alde egingo dute Euskal, Katalunia eta Galiziako gobernuek gaur hasiko den Expolangues-en

2008/02/06

Expolangues azoka urtero edukitzen duen Pariseko pabilioiaren itxura aurreko edizio batean
Expolangues azoka urtero edukitzen duen Pariseko pabilioiaren itxura aurreko edizio batean

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak 'Pariseko Adierazpena' deitu duten agiri bat aurkeztuko dute ostiral honetan Parisen hizkuntz aniztasunaren alde. gaur bertan hasi eta datorren larunbatera arte hiriburu frantsesean egingo den Expolangues azoka aukeratu dute horretarako, hizkuntzak, kultura eta trukea ardatz hartzen dituen aretoa. Euskararen ordezkaritza bertan, Jaurlaritzak Pariseko Eskual Etxearekin batera ipinitako standak eta Euskararen Nafar Institutuak, iaz sortua izan eta gero lehenengo aldiz ipiniko duenak izango dute.
Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Xuntako hizkuntza politikako arduradunek, hiru gobernuen izenean, 'Pariseko Adierazpena' deitu duten agiria aurkeztuko dute etzi ostirala Frantziako hiriburuan, hizkuntz aniztasunaren alde. Aurkezpena, gaur hasi eta larunbatera arte Parisen garatuko den Expolangues hizkuntza, kultura eta kultur harremanei buruzko azokaren baitan egingo da. Ekimena, hiru gobernuek hizkuntza politika gaietan izenpeturiko lan-hitzarmenaren argitan, hizkuntzen nazioarteko urtea den honetan gauzatuko da, Expolangues-en bertako Jing-Jing aretoan, goizeko 11:00etan, sinatzaile Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea), Bernat Joan (Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako idazkaria) eta Marisol Lopez (Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia) izango direla.

Euskararen presentzia Expolangueseko edizio berri honetan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak ohi bezala ipiniko duen standaren eskutik etorriko da, aurtengoan, lehenengoz, duela hilabete batzuk Nafarroan sortu eta Xabier Azanzaren zuzendaritzapean ipinitako Euskararen Nafar Institutua-Instituto Navarro del Vascuence (ENAI) erakundeak ere euskal standa ipiniko duelarik.

Txina, Azokako ohorezko gonbidatua

Jaurlaritzako erakustokiak izango dituen partaidetzen artean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusia, eta Lorea Bilbao, Hizkuntza Politikarako aholkularia lagun izango dituen ordezkaritza behar da aipatu. Standean harreragile, Pariseko Euskal Etxeko kideak ibiliko dira, hurbiltzen den jendea artatuz eta informazioa emanez. Ukan elkarbizitzaren birusa ere standean izango da harreragile. Stand nafarrean, Xabier Azanza ENAIko zuzendariaren presentzia espero dute eta Carlos Perez Nievas buru duen Hezkuntza departamentutik ere baliteke bisitarik izatea.

Les langues du monde, le monde des langues (Munduko hizkuntzak, hizkuntzen mundua) izenburupean egingo den XXVI. edizio honetan, Txinako Errepublika izango da ohorezko gonbidatua. Eusko Jaurlaritza 1986.etik bertaratzen da Expolanguesera; hau da, azoka sortu eta hirugarrenerako euskara bertan zen eta horrela izan da urtero, harrezkero. Ezin ahantzi erakustazoka hau mundu mailan bere alorreko erakusketa garrantzitsuena dela. Aurten ere 25.000 bisitari baino gehiago igurikatzen dira, horietatik erdia baino gehiago hizkuntza alorretako profesionalak. Erakusleak, aldiz, 200dik gora izango dira eta 20 herrialde eta 60 hizkuntzatik goiti egongo dira ordezkatuak.

Akordioa Eusko Jaurlaritza-Pariseko Eskual Etxea

Bertan parte hartuko dutenen artean aipa daitezke gobernuak, enbaxadak, argitaletxeak, eskolak, unibertsitateak, multimedia enpresak, itzulpengintza alorreko espezialistak, hizkuntzen irakaskuntza eta etengabeko prestakuntzetako adituak, turismo bulegoak... Bisitari anitzen artean, berriz, ikasleak, irakasleak, enpresetako prestakuntza arduradunak, itzultzaileak, ikerlariak eta oro har hizkuntzen inguruan interesa duen jendea.

Euskal egitarauari dagokionez, larunbat goizean, eta azokan bertan, Patxi Baztarrikak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendariak hitzarmena sinatuko dute Pariseko Euskal Etxeko lehendakari Hervé Trinket-ekin. Hitzarmen hori dela medio, HABE erakundeak “Euskara Munduan” programaren barruan, dirulaguntza, ikasmaterialak eta aholkularitza didaktikoa eskaintzen dizkio Pariseko Eskual Etxeari, euskarazko eskolak antolatu eta eskaintzeko. Aurten 85 ikasle ari dira Parisen euskara ikasten, sei taldetan eta astean hiru orduko erritmoan.

Azokan zehar, euskararen standetara hurbilduko diren lagunek euskararekin zerikusia duen edozein gairi buruz galdetzeko eta nahi adina informazioa lortzeko aukera izango dute. Bertan izango dituzte erakusgai euskara ikasteko ikas-materialak eta sistemak, hiztegiak, euskararen inguruko informazioa, ikerketa linguistiko eta soziolinguistikoak, multimediak, euskaratik beste hizkuntzetara itzulitako eta beste hizkuntzetatik geurera itzulitako lan literarioak. Baita literatura liburuak ere, haur eta gazteentzako aldizkariak, euskarazko aldizkari eta egunkariak, metodoei buruzko informazioa, helbideak, folleto desberdinak, bideoak, internet bitarteko informazioa eta euskara autoikaskuntza bidez ikasteko sareko programak.


Lotura interesgarriak

Expolangues Azokaren wengunea
www.expolangues.fr

HABEren webgunea, euskara ikasi nahi duten helduentzat
www.habe.org

Euskarari buruz, Eusko Jaurlaritzaren webgunea
www. euskara.euskadi.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia