Renoko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroko Jon Bilbao Katedrako titularra eta ber denboran Deustuko Unibertsitateko ikertzaile den historialariak hitzaldia eskainiko du bihar Nevada-Renoko Unibertsitatean "Euskal soldaduen proiektua: Nevadako euskaldunak Bigarren Mundu Gerlan" izenpean. Oiarzabal partaide izan zen joan den ostiralean Kaliforniako Long Beach-en, Estatu Batuetako Ahozko Historia Elkartearen Urteroko Konferentzian eta 'Ondare Bizia' aurketu zuen bertan, Euskal Herrira itzuli den euskal migrazioaz.
Reno, AEB. Pedro J. Oiarzabalek bihar asteartea emango du "The Fighting Basques Project: Basques of Nevada in WW2" (Euskal soldaduen proiektua: Nevadako euskaldunak Bigarren Mundu Gerlan) izeneko hitzaldia Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko Hitzaldi Aretoan (305). Aurkezpenean, Sancho de Beurko elkarteko kide eta historialari militarra den Guillermo Tabernillak euskaldunek Bigarren Mundu Gerlan Estatu Batuetako Armadan izandako partaidetzari buruz egindako lanaz mintzatuko da Oiarzabal, Saibigain Aldizkariak jasotzen duen ikerlan honetaz http://www.fightingbasques.net/en-us/Saibigain-Magazine.
Eskabidea euskal komunitateari
Aipatu lan horretan Nevada Estatuko euskal jatorriko 213 pertsona identifikatu dira Bigarren Mundu Gerlan partaide. Proiektu irekia izanik, Estatu Batuetako euskal komunitateran lankidetza eskatzen da gerra horretako beteranoak identifikatzen eta dagoeneko idatzi diren biografiak ilustratzeko erabil daitezkeen argazki eta materialak batzeko. Zalantzak argitzeko edo ekarpenak egiteko, email honekin kontakta daiteke: sanchobeurko@gmail.com.
Oiarzabal Estatu Batuetako Memoria Bizia proiektuko zuzendaria ere bada, eta joan den asteko ostiralean, urriaren 14an, itzulerako euskal migrazioaz mintzatu zen "Ondare Bizia. The return of Basque migrants and exiles' histories to the homeland" (Ondare Bizia: euskal migrante eta erbesteratuen itzulera) izenpeko hitzaldian (ikus http://www.ondarebizia.deusto.es) Estatu Batuetako Ahozko Historia Elkarteak urriaren 12tik 14ra Kaliforniako Long Beach-en eginiko Urteroko Konferentzian.