euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldia eskaini du Iñaki Ozamizek Las Floreseko Euskal Etxean; bertako lehenengo lau EHNAk banatu dira

2007/09/03

Iragan asteazkenean Iñaki Ozamizek Las Floresen, bertako 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxearen egoitzan eskaini zuen hitzaldiko momentu bat
Iragan asteazkenean Iñaki Ozamizek Las Floresen, bertako 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxearen egoitzan eskaini zuen hitzaldiko momentu bat

PUBLIZITATEA

Hitzaldia eskaini zuen joan den asteazkenean Las Flores herri argentinarreko Euskal Etxean Iñaki Ozamizek 'Euskal bizilekua, dorretxeak, euskara eta deiturak' gaiak jorratuz, besteak beste. Beste hiru pertsonarekin batera FEVAk gonbidaturik, beste hainbeste zirkuitu ari dira egiten Euskal Etxeetan Euskal Herritik etorritako lau pertsona --Ozamizez gain Joseba Arregi, Aitor Badaia eta Aitor Abaunza-- zenbait gai jorratuz. Horien barne mintzatu zen Iñaki Ozamiz Las Floreseko 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxean, ekitaldi berean EHNAko bertako ordezkariak Las Floresetik kudeatutako lehenengo lau dokumentuen ematea egin zuelarik.
Hogeita hamar bat pertsona bertaratu ziren Iñaki Ozamizek joan den asteazkenean Las Floreseko Euskal Etxean 'Euskal bizilekua, dorretxeak, euskara eta deiturak' gaitzat harturik emaniko hitzaldira. Partaidetza esanguratsua Las Floreserako, gaiekiko 'interesa agerian utzi zuena, hizlariari egin zizkioten galderek hala erakutsi baitzuten', azaldu dio EuskalKultura.com-i Graciana Goicoechandia Euskal Etxeko lehendakariak.

Ozamizen solasaren aurretik, EHNA programaren Las Floreseko arduradun eta Euskal Etxeko bazkide den Ana Giurlani Vidaurretak bertatik kudeatutako lehenengo lau EHNA dokumentuen ematea burutu zuen. Horietako hiru herrian bizi diren hiru pertsonentzat izan ziren eta laugarrena Puerto Madryn-en bizi den arren dokumentua lortzea bertatik bideratu zuen pertsona batena. [Ezkerreko argazkietan, 1) Lidya Beatriz Dunican Ibarbia Aristizabal, EHNA Ana Giurlani Vidaurretaren eskuetatik errezibitzeko momentuan; 2) gauza bera Mónica Cristina Falxa Beguiristain-en kasuan; 3) Ana María Giurlani Vidaurreta bera EHNA karneta eskuetan, bera izan baitzen berau lortu zuen lauetako bat]

Bira argentinarrak

Iñaki Ozamizen hitzaldia, abuztuan eta irailean lau hizlarik FEVAk gonbidatuta Argentinako hainbat euskal etxetan ematen ibili diren edo ematen dabiltzan bira baten barruan kokatzen da. Hizlariok honakoak izan dira: Joseba Arregi, egitarauaren arabera abuztuaren 13tik 23ra bitartean solasaldiak Chascomús, Castelli, Dolores, Maipú, Ayacucho, Balcarce, Mar del Plata eta Cañuelas-en adostu zituena; eta Aitor Badaia, abuztuaren 16tik 29raino Pergamino, Villa María, Rosario, Concordia, Concepción del Uruguay, Paraná (Ibai Guren eta Urrundik) eta San Nicolás-eraino iritsi behar zuena.

Beste biak, Asuer Abaunza eta Iñaki Ozamiz, egunotan bukatu behar dute euren bira. Honela, Abaunzak emanak ditu dagoeneko General Villegas, Trenque Lauquen, Bolívar, 9 de julio, Bragado eta Chivilcoy-ko mintzaldiak, eta gur Chacabucon, bihar General Rodríguez-en eta etzi Morenon eskainiko ditu, Euskal Herrira itzuli aurretik. Iñaki Ozamiz, azkenik, Saladillo, Las Flores, Rauch, Azul, Laprida eta Coronel Pringles bisitatu ditu dagoeneko eta gaur Coronel Dorregon eta bihar Tres Arroyosen emango ditu bere azkeneko saioak (ikus xehetasunak agendan).


Lotura interesgarriak

FEVA, Federación de Entidades Vasco Argentinas
www.fevaonline.org.ar

EHNAri buruzko informazioa
Udalbiltza.net webgunean

EHNA dokumentuen ematea San Franciscon (AEB)
2007ko ekainaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana

Mariana Fernández Castelli: 'Europan ez duzue ezagutzen...'
2007ko apirilaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia