euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Solas, topaketa eta bertsoz ospatuko du Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek Argentinaren Bigarren Mendeurrena

2010/05/13

2009ko Euskararen Eguneko ospakizunak Euskaltzaleak-en ehoitzan, Mexiko 1880 helbidean (argazkia EuskalKultura.com)
2009ko Euskararen Eguneko ospakizunak Euskaltzaleak-en ehoitzan, Mexiko 1880 helbidean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Herri gazteak direla Ameriketakoak, esaten dute Europatik amerikar nazio modernoetako eraikuntzak, gizarteak eta historiak aipatzerakoan. Gazteak bai, baina harro ezagutuak izan daitezen merezi duten istorioz beteak. Bertako independentziak lortzearren borrokatu zirenen istorioak, bertako jatorrizko komunitateen eskubideak defendatzearren jardun zutenen istorioak. Bestelako herrialde mota bat sortu nahi zutenen istorioak, eta azkenean gerrak irabazi zituztenek idatzitakoak. Buenos Airesko Euskaltzaleak erakundeak euskara irakastea du helburu, baina Argentinaren Bigarren Mendeurrenean, ez dio bere herrialdearen historiari bizkarra ematen. Herrialde osoan egiten ari diren ospakizunekin bat eginez, eta ohi bezala bere joera abertzaleari jarraituz, datorren larunbatean, Maiatzaren 15ean, Eduardo Torry “Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera” gaiaz solastuko da Mexiko kaleko egoitzan. Ondoren, omenalditxo bat eskainiko zaio Pello Mari Otaño bertsolari euskal-argentinar handiari. 18an, berriz, Euskaltzaleak-eko irakasle eta ikasleek Juan Miguel Gutiérrez zinegilearen bisita jasoko dute. Maiatzaren 29an, azkenik, Carlos Aznarez kazetaria Hego Amerikako independentziei buruz mintzatuko da.

Buenos Aires, Argentina. Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurrenaren hilabetean, Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak egitarau berezi bat eskaini nahi izan die bere kide eta lagunei, nazioak bizi duen tenoarekin bat eginez. Hasteko, datorren larunbatean, maiatzaren 15ean Eduardo Torryk “Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera” izeneko hitzaldia emango du.

Lapridako soziologoak immigrazioa, nolako harrera eman zitzaien euskal etorkinei argentinaratu zirenean eta euskal etxeen sorrera hartuko ditu ardatz. Ondoren, euskal etxera bertaratzen ziren lagunek afaria partekatu dute. Afariaren aukera baliatuz, Pello Mari Otaño bertsolari ospetsuari omenaldi bat egingo zaio, Rosarion hil zela 100 urte betetzen ari diren hilabete honetan. Ekitaldiarekin, Euskaltzaleak-ek bere ekarpena egin nahi izan die Euskal Herrian zein Diasporan gauzatzen ari diren omenezko ekimenei. Karia horretara, Egoitz Zelaia bertsolariak kantatuko du. Hitzordua arratsaldeko 8:30etan hasiko da. Sarrerak (janaria eta edaria barne), 25 peso.

Bigarren mendeurrena Euskaltzaleak-en 2010 1

[Egoitz Zelaia bertsolaria Buenos Airesen kantari (argazkia EuskalKultura.com)]

Datorren asteartean, Maiatzaren 18an, iluntzeko 7:30etan, Euskaltzaleak Euskaltegiak ongietorria egingo dio Juan Miguel Gutiérrez zinegileari. Egunotan La Platako Unibertsitate Nazionalean ikastaro bat ematen ari da zine aditua eta Euskaltzaleak-eko irakasle eta ikasleei euskara irakasteko ikus-entzunezko metodoak nola sortzen diren eta nola erabili azalduko du. Azpimarratu behar da Gutierrezek eskarmentu handia duela arlo honetan HABE institutuko kidea baita. Ekitaldia Eusko Ikaskuntza lankide antolatu da.

Hilaren 29an, larunbata, arratsaldeko 8:30etan, Carlos Aznarezek “Bigarren Mendeurrenaren testuinguruan, Hego Amerika bigarren independentziara abiatuta dago” izenburupeko mintzaldia eskainiko du Euskaltzaleak-en egoitzan. Resumen Latinoamericanoko kazetari den Aznarezek duela 200 urteko Hego Amerikako herrialdeetako borroka gaurkoarekin lotuko du. Konferentzia bukatuta, lagunarteko afari batean parte hartzeko gonbitea luzatzen du euskal erakundeak. Aukera honetan ere sarrera (janaria eta edaria barne) 25 pesokoa izango da.

Aldi berean, Txalaparta tailerrak bere martxa jarraitzen du Euskaltzaleak-en egoitzan. Ikastaroa ostiralero egiten da, iluntzeko 8:30etan, Ainara Agirre Euskal Herritik etorririk egun hemen bizi den musikaria irakasle. Klaseak elebitara, euskaraz eta gaztelaniaz ematen dira eta parte hartzeko ez da aldez aurretik ezer jakin behar. Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, idatzi Euskaltzaleak-era: euskaltzaleak@yahoo.com.ar. Tailerraren ondoren, euskal mokaduak dastatzeko aukera emango du bertan zabalduko den “Txindoki Taberna”k.

Bigarren mendeurrena Euskaltzaleak-en 2010 2

[Txalaparta tailerreko irakasle den Ainara Agirre ikasle batekin jotzen (argazkia EuskalKultura.com)]

Bukatzeko, Euskaltzaleak elkarteak aukera baliatzen du jakinarazteko bere abesbatzak larunbatetan enseatzen duela arratsaldeko 6:30etatik 8:30etara. Parte hartu edo argibide gehiago nahi dutenek Mexiko 1880eko euskal egoitzara hurbil daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia