euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldi sorta Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean, gaur Donibane Lohizunez; asteartero euskara ikastaro trinkoa

2017/09/28

Iparraldeko Euskal Etxean hasi den euskara taldea
Iparraldeko Euskal Etxean hasi den euskara taldea

PUBLIZITATEA

Erakundearen kultur programaren barruan ‘Donibane Lohizune, hiri liluragarria’ izenburupeko hitzaldia emango du gaur Mariana Fernandez Castelli Historia irakasleak argentinar hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxean. Hitzordua 19:30etan da, irekia nahi duen ororentzat. Komunitateari begirako aktibitateen eskaintza zabaltzeko, euskara klaseak ere sartu ditu instituzioko Kultur Azpibatzordeak urteko programan. Eskolak asteartetan dira, 19etatik 21etara eta ikastaroa abenduraino luzatuko da.

Buenos Aires, Argentina. Bizkor lan egiten du Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak euskal kulturarekin lotuta dauden adierazpenak mantendu eta zabaltzen, mende bat baino gehiago duen erakundearen barnean. Irail honen hasieran, konparazio, eta ohiko eskaera bati erantzunez, euskara eta euskal kultura ikastaro berria abiarazi du.

Hiriburuko Euskaltzaleak Euskaltegiak hartu du ikastaroaren ardura eta trinkoa da. Esan nahi baita klaseak astean behin eskaintzen direla, helburua euskal gramatikaren oinarrizko ikasgaiak menperatzea izanik. Aurrez aurreko eskolak osatzeko, Euskaltegiaren On Line ikastaroa ere eskaintzen du. Euskaltegiko lehendakari Teresa de Zavaletak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “ikastaroa irailaren 5ean hasi zen baina oraindik interesaturen bat onartzeko aukera daikagu, nibelatuz". "Ez da honakoa Iparraldeko Euskal Etxean eta Kultur Azpibatzordeak gonbidaturik eskolak ematen ditugun lehenengo aldia. Duela bi urte ere eman genuen, esaterako, eta beti da polita Iparraldeko Euskal Etxearekin gauzak elkarrekin egitea, batez ere euskaldunen hizkuntzari lotuta badaude”, laburbiltzen du. Klaseak astearteetan dira, 19etatik 21etara, Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan, Moreno kalean 1370. zenbakian.

Hitzaldiak

Kultura Azpibatzordea ere antolatzaile, urte osoko hitzaldi programa ere eskaintzen du euskal etxeak eta programa horren baitan ‘Donibane Lohizune, hiri liluragarria’ izeneko hitzaldia emango du gaur arratsaldeko 7:30etan Mariana Fernandez Castellik. Mintzaldian kostalde lapurtarreko hiri honetan itsasoak daukan garrantzia eta bertako kulturan izan duen eragina azalduko du historia irakasle euskal-argentinarrak.

Aste honetan ahitzen ari den irailean bestelako hitzaldirik ere eskaini du 1895ean sortutako elkarteak. Bi hitzaldi eman ditu, Mikel Ezkerro hizlariak. Bietan Argentinara etorri ziren Iparraldeko etorkinei buruz mintzatu da Ezkerro, “beraien iristea, non kokatu ziren, zein ogibidetan aritu… Argentinako historian garrantzia izan duten Ipar Euskal Herriko etorkinak ere aipatu zituen” jakinarazi digu Norma Rios Kultur Azpibatzordeko erreferenteak. “Ohi duenez, oso hitzaldi interesgarri eta atseginak izan ziren”, aipatu du. Aukera baliatuz, esker beroak ere luzatu nahi dizkie Riosek Kultur Taldeko kideei eta Azpibatzordeari laguntzen dioten lagunei, "ekitaldiak gauza eta heda daitezen ematen duten laguntzarengatik"..



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia