Euskal elkarteak gonbidaturik, Olga Aristegui de Baliña lizentziatuak eman zuen hitzaldia hiriko Domingo F. Sarmiento Liburutegian. Hitzaldi sorta arrakastaz ari da garatzen. Askatasunaren Bideak antolatutako hurrengo hitzaldia azaroaren 22an izango da, arratsaldeko 6:30etan, Arantzazuko Santutegia aztergai.
San Miguel, Argentina. Bere sorreraren bosgarren urteurrenaren urtean, euskal kulturarekin lotura duten hitzaldi ziklo bat eskaintzen ari da Askatasunaren Bidea Euskal Elkartea San Miguel hirian. Zikloaren baitan, Miguel de Unamunok 1900 eta 1936 urteen artean Argentinarekin izandako harremanari buruz mintzatu zen Olga Aristegui de Baliña filosofian lizentziatua urriaren 18an, publiko ugariren aurrean.
Olga Aristegui adituak --euskal elkarteko Euskara Tailerraren ikaslea izandakoa bera-- ikerketa sakona egin du Bilbon jaiotako idazle eta filosofoaren obraz eta, berak hala aitortuta, “mirespenetik” hitz egin zion publikoari. Hitzaldia bukatzean, 1904. urtean Alma Española Aldizkarian Unamunok argitaratutako ‘Alma Vasca’ izeneko artikuluaren kopia bat oparitu zion Aristeguik Askatasunaren Bidea Elkarteari.
Hitzaldi sortari jarraiki, datorren hilabetean beste solasaldi bat antolatu du euskal taldeak, oraingoan Arantzazuko Santutegiari buruzkoa eta Ana Maria Palavecino mintzalari. Hitzordua azaroaren 22rako iragarri da, arratsaldeko 6:30etan, Sarmiento kaleko 1503. zenbakian dagoen Sarmiento Liburutegian.
Elkarteko kideek jakinarazi dute, bestalde, urtero bezala urte amaierako elkarretaratzea abenduan egingo dutela. Gonbidatzen dituzte irakurleak oro, euren blogean sartzera. "Blogeko informazioa astero eguneratzen da, Argentinako zein Euskal Herriko kolaboratzaileen lanari esker", adierazi diote EuskalKultura.com-i.