euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldi batekin ekingo dio asteartean 2018ko bere egitarauari Buenos Airesko Juan de Garay Fundazioak, abuztuan 35 urte betetzeke

2018/03/02

Universidad del Esteko Euskara eta Euskal Kulturari buruzko katedrako Carlos Irisarri arduraduna ikastaroaren inaugurazioan
Universidad del Esteko Euskara eta Euskal Kulturari buruzko katedrako Carlos Irisarri arduraduna ikastaroaren inaugurazioan

PUBLIZITATEA

Juan de Garay Euskal-Argentinar Fundazioak 35 urte beteko ditu datorren abuztuaren 16an eta elkarretaratze bat eginez ospatzeko asmoa dauka bazkide eta adiskideak bildurik. Buenos Airesen egoitza duen erakundeak 2018 urterako plangintza aurreratu du, tartean asteroko hitzaldien programa, datorren astean abiatu eta urtea bukatu arte asteartero garatuko duena. Datorren asteartean ikasturteari hasiera emango dion hitzaldia "Euskaldunak eta ItsasArmada Handia" izenburuduna izango da, Jorge Beramendi hizlari.

 

Buenos Aires, Argentina. Urte osoko hitzaldien programa datorren asteartean, martxoaren 6an, hasiko du argentinar hiriburuko bere egoitzan Juan de Garay Fundazioak. Lehenengo ekintza, Jorge Beramendiren esku egongo da eta gaia, 1589. urtean Espainiako Itsas Armada Handian Bizkaia eta Gipuzkoako ontziek izan zuten partaidetza. Hitzaldia iluntzeko 7etan izango da, Fundazioaren egoitzan, Roque Saenz Peña etorbideko 846, 1. solairuan.

Unibertsitatea, Liburu Azoka, Bidaia…

Asteartero eskainiko dituen hitzaldiez gain beste hainbat proposamen iragarri ditu Fundazioak ikasturtea abenduan bukatu arte . La Platan, iaz hasitako Euskara eta Euskal Kultura Katedrako eskolekin segituko du, hiriko Euzko Etxea lankide Universidad del Este-n Carlos Irisarri doktorea koordinatzaile.

Apirilaren 26tik maiatzaren 14ra Euskal Stand-a muntatuko du Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan, eta erakusketako programaren baitan, berak ekoitzitako liburuen aurkezpena egingo du, azken hau maiatzaren 10ean. Argitaldari lanari lotuta, eta azken 23 urteetan egin legez, ‘Los Vascos-Euskaldunak’ aldizkariaren urteko hiru zenbakiak plazaratuko ditu eta baita ‘Euskaldunak Argentinan’ urtekariaren azkeneko edizioa aurkeztu ere.

Bidaiak eta txangoak ere antolatzen ditu Fundazioak. Aurten, bi txango bederen aurreikusi dituzte Buenos Airesen eta Buenos Airesetik kanpo, euskal presentziarekin lotura duten lekuak bisitatzeko. Eta urrian talde-bidaia egingo dute Euskal Herrira, 24 bidaiari gehienez (honi buruzko xehetasunak eskuratzeko, idatzi fundacionjuandegaray@gmail.com helbidera).

Berri hauek ematearekin batera, Juan de Garayk gogora arazten du Fundazioko liburutegia irekita dagoela erabili nahi dutenentzat eta edonor joan daitekela kontsultak egitera. Aurten proiektu berezi bat sustatuko du, gainera: heraldika eta genealogia talde bat abiarazi nahi du hain interes bizia sortzen duen gai honi lotutako galderak lantzeko.

35. urteurrena

Fundazioa 1983ko abuztuaren 16an jaio zen Buenos Airesen “Euskal Herriaren tradizioak eta ohiturak Argentinan sustatu eta mantentzeko’” helburuarekin. Aurten 35 urte beteko ditu eta ‘koralezko ezkontza’ ospatzeko elkarretaratze bat antolatzeko asmoa azaldu du urtebetetze egunean bertan. Xehetasunak data hurbiltzen doan heinean jakinaraziko ditu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia