euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldi bat Iparragirrez, Montevideoko Euskaroren "COVID osteko lehen ekintza"; abendurako ENE ari da prestatzen

2021/11/05

Juan Pedro Arinek eman zuen Iparraguirreri buruzko hitzaldia urriaren 28an (argazkia EE)
Juan Pedro Arinek eman zuen Iparraguirreri buruzko hitzaldia urriaren 28an (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Urte eta erdi eman du Uruguaiko hiriburuko Euskaro Euskal Etxeak aurrez aurreko ekintzarik gabe. Ez da harritzekoa, beraz, bozkarioz errezibitu izana bazkide eta lagunak elkartearen egoitzan urriaren 28an, Jose Mari Iparragirreri buruzko hitzaldia entzutera. FIVUko lehendakaria ere baden Juan Pedro Arin izan zen hizlaria eta urretxuarraren bizitzako momentu jakinak ekarri zituen gogora: Uruguaira iritsi zenekoa, bertan pasatutako urteak, itzulera Euskal Herrira… Publikoak ‘Gernikako Arbola’ abestu zuen.

Euskaro Euskal Etxeko buruzagiak oso pozik agertu dira "pandemiaren osteko lehenengo ekintza" honekin, “bazkideen fideltasunaren erakusgarri izan baita”. “Garai zaila izan da pandemiarena. Gure proposamen nagusiak egoitzan egiten ditugun topaketak izaten dira eta osasun egoerarekin itxi behar izan genituen ateak”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Lucia Goñi elkarteko idazkariak.

“Osasuna izan da lehentasuna, batez ere adineko jendearen artean. Baina hala ere ez dugu sekula galdu bazkide eta lagunekiko kontaktua. Internet bidez egiten genituen Batzorde bilerak eta FIVUk antolatutako ekintzetan ere telematikoki hartu izan dugu parte. Orain, pozgarria izan da ikustea geu bezala bazkideak erne eta egoitzara bueltatzeko irrikan zeudela, eta egun hori azkenean etorri dela”, adierazi du Goñik.

2021eko hurrengo eta azkeneko ekintza Urte Amaierako Jaia eta Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizuna izango da, data oraindik baieztatzeke. Eta udako oporren ondorik, “dena ongi badoa, 2022ko martxoan, protokoloari jarraituz, ea gauza garen ia ekintza guztiak berriro martxan jartzen”, iragarri du baikor Euskaroko erreferenteak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia