'Buenos Airesek EH ospagai' (BAC) kale-ospakizuna, maiatzaren 6an, Argentinako eta munduko euskal diasporaren datorren hitzordu handia da, aukera ederra Euskal Herriko eragileak bertaratu eta euskal argentinar diasporakideekin biltzeko. Honela, Iruñea eta Gasteizko gobernuetako ordezkariez gain, iragarria dute euren presentzia argentinar hiriburuan Jasone Agirre EH Bilduko Diasporarako idazkariak, eta Gure Esku Dago ekimeneko partaide eta ordezkari diren Angel Oiarbide eta Iñigo Urrutiak.
Buenos Aires, Argentina. Lagun andana polita bilduko dira datorren maiatzaren 6an Argentinako hiriburuan BACen parte hartzeko; ia guztiak, euskal errokoak ala ez, argentinarrak; baina izango da baita ere Euskal Herritik propio etorritakorik, azken urte hauetan euskal argentinar jaialdi eta kale ospakizun honek izan duen izugarrizko garapena ikusi eta bertan parte hartzera.
Eusko Jaurlaritzaren eta Urkullu lehendakariaren ordezkari, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu etorriko da (datozen egunetan argitaratuko dugu bere bisitaren berri zehatzago). Ez dugu baieztatu ahal nor izango den Nafarroako Gobernuaren ordezkari. EH Bildu koalizioak ere izango du bere ordezkaria; Bilduko Diasporarako idazkari eta legebiltzarkide den Jasone Agirre Garitaonandia argentinaratuko baita. Eta Gure Esku Dago herri dinamikak ere ‘baietz’ esan dio berriz ere, oraingoan 2018ko BAC honi, eta Angel Oiarbide eta Iñigo Urrutia bidaliko ditu euskal elkarretaratze handi porteñora.
Jasone Agirreren hitzaldia
EH Bilduko Diasporarako idazkari Jasone Agirrek hitzaldia eskainiko du BACen bezperan hiriko Euskaltzaleak euskal etxean “Subirautzarako bidean, camino hacia la soberanía” izenburupean. Parlamentariak berak zehaztu dio EuskalKultura.com-i “hitzaldia baino gehiago elkarrizketa" izango dela, "asmoa Diasporako lagunekin iritziak trukatu eta elkar ezagutzea” baita. Topaketa arratsaldeko 4etan izango da, Euskaltzaleak-en egoitzan (Bernardo de Irigoyen 826).
Gure Esku Dago
Kontaktuez eta elkarrizketez gain, bi ekitaldi edo elkarretaratze/agerpen publiko izango dituzte Gure Eskuko Angel Oiarbide eta Iñigo Urrutia erreferenteek ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren inguruan. Bezperan, maiatzaren 5ean, hitzaldi bat eskainiko dute Laurak Bat Euskal Etxean, Iñaki Anitua aurkezle eta moderatzaile. Hitzaldiak hizpide hartuko dituen gaien artean, Gure Esku Dago mugimenduaren aurrerapenak eta proiekzioak, Kataluniaren gaurko egoera eta honek euskal egoeran daukan eragina.
Herritarron Ituna eta ‘2019 arrazoi erabakitzeko’ kanpaina zer den ere azalduko dute Oiarzabal eta Urrutiak. Esan dezagun antolatzaileek jarrita hautetsontzi bat egongo dela aretoaren atean diasporako kideek ere euren arrazoiak adierazi eta prozesuan parte hartu ahal izan dezaten. Larunbateko bilera honetan, igandean Mayo Etorbidean egingo den Giza Kateari buruzko xehetasun batzuk jakinaraziko dira. Hau guztia, arratsaldeko 6:30etan, Laurak Bat Euskal Etxearen egoitzan (Belgrano 1144)
Giza Katea BACen
Gure Esku Dagok deituta, ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza katea osatuko dute euskal herritarrek ‘Eman eskua etorkizunari’ goiburupean. Honi aurrea hartuz, Argentinan ere egingo da giza kate bat, ‘Buenos Aires Celebra’ jaialdiaren baitan, igande horretan 16etatik 16:15ak arte. Mayo etorbidean luzatuko da, Bolivarretik Chacabucoraino.