euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hirurehun bat lagunek ospatu zuten Comodoro Rivadavian hiriko Euskal Etxea-ren 90. urteurrena

2013/11/11

Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak bere 90. urtemuga ospatu du ia hirurehun bazkide eta lagun urrian bilduz (argazkiaEE)
Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak bere 90. urtemuga ospatu du ia hirurehun bazkide eta lagun urrian bilduz (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Chubut probintzia argentinarreko Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartea bere 90. urtemugara iritsi da eta jai handi bat antolatu du data biribil hori ospatzeko. Dantzariak eta erakundean berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzaten kideak izan ziren jaiko protagonistak. Izan ere, euskal etxeko adin guztietako dantzariak pasatu ziren tauletatik eta instituzioko kide helduenek diploma bana jaso zuten omenaldi gisa. Urtero bezala, jaiaren ondorengo astean, dantzariak eta batzordekideak euskal etxean bildu ziren honez geroz klasikoa bilakatu den baratxuri salda partekatzeko.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Chubut eta Santa Cruz probintzien arteko mugan dago kokatuta Comodoro Rivadavia hiria, Chubuteko aldean. Bertako euskal etxea 1923an jaio zen eta gaur, 90 urterekin, Patagonia argentinarreko urtetsuena da. Urtebetetze jaia joan den urriaren 19an ospatu zen hiriko Galiziako Etxean, 280 gonbidatu lagun.

Festa gaueko 9ak aldera hasi eta ordu txikiak arte luzatu zen musika eta dantza giro ederrean. Afarian zehar, hainbat momentu berezi bizi izan zituzten bildutako lagunek. Alde batetik, 2013-2014 eperako erregina koroatu zutenLara Goicoetxea dantzari gaztea Euskal Echea-ko arduradunek. Bestalde, eta omenaldi moduan, diplomak eskuratu zizkieten euskal etxean berrogeita hamar urte baino gehiago bete dituzten kideei.

Comodoroko 90 urtemuga 2013 01

[Plater gozoak erbitzatu ziren gauean zehar, tartean, Edu Vergel chefa eta etxeko dantzaria denak prestatutako urtebetetze pastela. Bestela ere, mota askotako mokaduek osatu zuten menua, hala nola,'vitel tone'a, oilaskoa, txerria, sakote alemaniarra eta abari edo abadejoa bizkaitar erara. (argazkiaEE)]

Afariaren baitan, euskal etxeko dantzariek protagonista izan zuten festa animatzen. Txikiek San Petrike dantzatu zuten; ertainek, berriz, Akelarre eta Kaskarot; eta helduek, Haize Dantzariak izeneko taldean bilduta, Fandango eta Arin Arin eta 'Suletino', Arkuak, Ezpatadantza eta Kaxarranka batzen zituen suite bat.

Comodoroko 90 urtemuga 2013 02

[Haize Dantzariak taldea dantzan (fotoEE)]

Gauerdian, eta biharamunean Amaren Eguna zenez, bertan zegoen ama bakoitzari krabelina oparitu zitzaion eta urdaiazpiko bat zozketatu zen publikoaren artean. “Baina jaia ez zen hor bukatu”, adierazi zaio euskal etxetik EuskalKultura.com-i. “Urtero, jaiaren biharamunean, gure lehendakari Antonio Baztanek baratxuri salda prestatzen die dantzari eta batzordekideei, egindako lana nolabait eskertu nahian-edo. Aurten, ordea, ez zen biharamunean egin Amaren Eguna zela-eta, eta hurrengo asteartean bildu ginen ohitura hori ez mozteko”.

Kanpoko Gizataldeen Futbola

Comodoro Rivadaviako euskal etxetik jakinarazi digute baita ere, bertako Gizatalde Atzerritarren Federazioko Gazteen Azpibatzordeak kultur eta aisialdiko ekintzak garatu ohi dituela urtean zehar. 2013 honetarako, gizonezko eta emakumezkoen Futbol Txapelketa antolatu dute eta emakumeak ez, baina euskal etxeko gizonak bai ari direla parte hartzen.

Comodoroko 90 urtemuga 2013 03

[Euskal etxeko gazteak Euskal Herriaren izenean sartzen dira futbol zelaira. Eta jokatzen ez dutenek ere oso ardura handia daukate partiduetan: jokalariak animatzea (argazkiaEE)]

Comodoroko Euskal Echea-ren taldeak ‘Euskafrika’ hartu du izentzat euskal gizataldeko eta hegoafrikar kolektibitateko ordezkariak biltzen dituelako. “Taldea ona da; lau partidatik bi irabazi ditu, beraz, abenduan amaituko den lehiaketan jarraitzeko aukerarekin segitzen du”, azaldu dute Patagoniako euskal erakunde zaharrenetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia