euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hirugarren urtez jarraian Paranako Urrundik EEa, 'José Echeverria' Xake Txapelketaren egoitza izan da

2013/11/07

'José Echeverria' Xake Txapelketa azaroaren 2an jokatu zen Urrundik euskal etxean (argazkiaEE)
'José Echeverria' Xake Txapelketa azaroaren 2an jokatu zen Urrundik euskal etxean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Lehiaketa arrakasta handiz burutu zen joan den asteburuan eta hiriko jokalariak ez ezik inguruko herrietakoak ere bildu zituen. Baina lehiaketetan irabazle bakarra baino ezin egon eta txapelduna, aurten, Crespo herriko Jeremias Martinez izan da. 'José Echeverria' Xake ekimena Paranako Urrundik euskal etxeak abiatu zuen 2011an eta bere hirugarren ediziora iritsi da aurten. Kari horretara, antolatzaileek eta Jose Jorge Echeverria zenaren senideek ekintzaren jarraipena bermatzeko konpromisoa hartu dute.

Paraná, Argentina. Urrundik euskal etxean egin da aurten ere 'José Echeverria' Xake Txapelketa. Lehiaketa joan den larunbatean, azaroaren 2an, gauzatu da eta zenbait herritako Xake Eskoletako ordezkariak bildu ditu, tartean, Villaguay, Diamante, Crespo eta Paranakoak. Paranakoen artean, Agmer Parana Xake Eskolakoak, Herriko Liburutegikoak, Urrundik-eko Tailerrekoak eta Paranako Xake Zirkulukoak behar dira aipatu.

Euskal etxeak sustatzen duen lehiaketa hau ume eta gazteei dago propio zuzenduta, esan nahi baita oinarrizko edo eskola mailan aritzen direnei. Emaitzei dagokienez, Crespo herriko Jeremias Martinezek bereganatu du sari nagusia eta lehenengo hamar postuetan Iñaki Uriona, Alexis Maldonado, Luisina Maleika, Daian Rene, Luciana Ibarra, Eros Gimenez, Jorge Feruglio, Agustin Salcedo eta Tomas Gomez Seib aipa daitezke.

Partidak bukatzean, askaria zerbitzatu zitzaien xakelariei eta ondoren sari bana eskuratu. “Ume eta gazte guztiek jaso zuten saria, gure asmoa hezitzailea baita”, azaldu dute antolatzaileek. Sari-emanaldiaren baitan, eta lehiaketaren jarraipena kontuan harturik, txapelketaren arduradunek eta euskal etxeko kide izan zen Jose Jorge Echeverriaren ahaideek, etorkizunari begira, jarraipena bermatzera konprometitu ziren, berau erakundearen urteko egitarauan sartuz.

Gernikaren 75. Urtemuga Paranan

Bestalde, Argentina guztiko herrietara iristen ari den Gernikaren 75. Urtemugari buruzko erakusketa Parana herrira ere heldua da. Euskal etxetik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez, urriaren 23tik 30era egon ziren panelak ikusgai hiriko ‘Martiniano Leguizamón’ Museo Historikoan.

Gernika 75 erakusketa Paranan 2013 02

[Juan Carlos Borras lehendakariak eta Federico Borras batzordekideak izan zuten erakusketa aurkezteko ardura (argazkiakEE)]

Erakustaldiaren inaugurazioa urriaren 23an bertan izan zen eta jende ugari bertaratu zen Museora, euskal etxeko erreferente diren Juan Carlos eta Federico Borras-en hitza entzutera. Haiekin batera, euskal etxeko dantzariek ere koreografia bat eskaini zioten bildutako publikoari.

Gernika 75 erakusketa Paranan 2013 01

[Euskal etxeko dantzariak ere erakusketaren irekitzearen partaide (argazkiakEE)]

Gogora dezagun Gernikaren 75. Urtemugari buruzko erakusketak euskal herri honek pairatutako erasoa ezagutarazi eta salatzeko helburua duela eta Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Gernikako Bakearen Museoak sortutako proiektua dela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia