euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hirugarren erromeria igande honetan, Urkiolan, 'Oinak kantuz' disko berria aurkezten duen Aiko taldearen eskutik

2012/06/15

Aiko taldea bere heziketa lana egiten
Aiko taldea bere heziketa lana egiten

PUBLIZITATEA

Euskal ohiko erromeriarako deia egin da igande honetarako Urkiolako santutegiaren ingurura, hain zuzen ere datorren asteko larunbatean, ekainaren 23an, San Juan bezperan, Durangon egingo den Dantzari Egunerako bidea prestatuz. Aurkeztu eta hezurmamitu eta praktikoki bideratuko dena ohiko moldeko dantzazaletasuna izango da, kasu honetan fruitu zahar/berri bat medio, ekitaldia antolatu duen Aiko Taldeak bere azken diskoa, 'Oinak kantuz' izenekoa, aireratu eta dantzagai ipiniko baitu. Helburua, jendeari dantzatzeko aukera ematea, 'betiko' aire eta moldeak lagun.

Bilbo, Bizkaia. Horixe agintzen eta eskaintzen dute Aiko taldea osatzen duten lagunek, esan nahi baita Sabin Bikandik (txistua), Aitor Furundarenak (eskusoinua), Alvaro Garciak (gitarra) eta Asier Garciak (danborra). Igande honetakoa, diskoa aurkeztuz egingo duten hirugarren erromeria izango dute, aurretik Arantzazu eta Urbian, eta Gorbeian egindakoen ondoren, eta datorren asteko larunbatean Durangon egingo den Dantzari Egunari bidea prestatuz.

Izan ere, Aiko izan duen modurik egokienean ari da aurkezten diskoa: bertako doinuak zuzenean joz eta jendea dantzan ipintzen. Hemeretzi dira diskoak baitaratzen dituen aireak, guztiak erromeria klasikoetan jo izan diren erritmoak, tartean pasodoble, porrusalda, mazurka, jota, sokadantza eta jauziak, doinu berriak baina lehengo molde edo maneran sortuak, hain zuzen ere Diasporako leku batzuetan, Ipar Amerika Mendebaldean esaterako, bertako euskal erromerietan bizi-bizirik segitzen duten gisan, ez soilik belaunaldi emigrantearen baitan, belaunaldi berrikoen artean ere baizik.

[Oinak kantuz diskoko parte den aireetako bat, 'Baigorriarrak' jauzia]

Aurreko asmoak eta testuinguru hori tarteko, taldetik beretik aitortzen dutenez, Aikoren lanak "ez du bakarrik nahi aitzinako usadioen antzera edozein ospakizunetan musikaren inguruan bildu eta dantza egiteko gogoa gaurkotu eta gurera ekartzea, baizik eta dantza egiteko modu erraz eta natural bat aldarrikatzen du; konplexutasunak alde batera utzi eta jendarteari dantza egitera dei eginez, baina bakoitzak bere modura eta bere aukeren barruan gozatu eta ikasi dezan".

"Entzuten dugun musikaren erritmoa oinekin markatze soila, dantzarako lehen urratsa baita. Disko honen xedea horixe da hain zuzen ere eta taldearen lehen laneko diskoan jasotzen den kantu batetik datorkio izenburua: “Dantzan ez dakiena, beti dau kontetan / Dantzari ona berriz, hankakaz kantetan”. Oinekin kantatzeko kontzeptua, dantzaren bitartez eta gorputza erabiliz, musika entzun eta interpretatzearena izan da Aikoren inspirazio iturri, lan berri honetan".

Horrela, disko honetan jasotzen diren 19 doinuek, bereziki dantzarako sortuak izan diren musikarentzako, bultzada berritzailea suposatzen dute. "Betidanik dantzak izan duen izaera sozializatzailea berreskuratzeko. Gure oinek zer-esana izan dezaten" baieztatzen dute Aikotik. Izan ere horregatik, 'Oinak Kantuz' laneko konposizioetan, Aikoren oinarrizko xedea euskal musika tradizionalarekiko leiala izatea izan da, konposizio zaharren antzekotasun handia duten melodiak lantzea; eta helburu hau, bete egin da.

-Aiko taldearen webgunea: www.aikotaldea.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia