euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru urtetako lanaren emaitza, Argentinako Euskal Diasporari buruzko ‘Guk’ filma, sarean ikusgai

2012/11/21

www.guknosotros.com ataria
www.guknosotros.com ataria

PUBLIZITATEA

Sarean jarri eta lehengo hamar egunetan 2500 deskarga izan zituen Nuria Vilaltak zuzendutako ‘Guk, nosotros’ izeneko dokumentalak. Egileen esanetan “Guretzat, ekipoarentzat, pozik egoteko 2500 motibo”. Dokumentala, hiru urte luzeen fruitua, “Argentinako Euskal Diasporak, gaur egun, Euskal Herriko politikan duen paperari buruzko dokumental independiente bat da” eta on line ikus daiteke www.guknosotros.com web orrian. “Proiektua gauzatu ahal izateko, asko izan dira lagundu digutenak: profesional teknikoak eta Argentinako euskaltasuna biziarazten duten hainbat protagonista; batik bat, horiei esker ‘Guk, nosotros’ filme bilakatu da”, azpimarratu digute dokumentalaren arduradunek.

Buenos Aires, Argentina. Guk, nosotros dokumentala esperientzia baten irudia da. Duela hiru urte ekin zion Nuria Vilaltak, dokumentalaren zuzendariak, elkarrizketak egiteari eta datuak biltzeari, Argentinan aurkitutako “bere herriaren, Euskal Herriaren, historiaren atal berri bat” ezagutu baitzuen. Argentinako euskal diasporarekin lehenengo kontaktua izan zuenetik berarentzat ezezaguna zen fenomeno horretan hasi zen murgiltzen eta ikusi eta ikasitakoak bultzatuta mugimendu hau nolakoa zen kontatzeko beharra sentitu zuen, EuskalKultura.com-i adierazi dionez.

“Hiru urtetan zehar, Argentinako zein Euskal Herriko ekoiztetxe askorengana jo genuen. Hasieran telebistarako dokumental baten egitura eman nahi izan genion, eta hala aritu ginen materiala biltzen, baina geroago asmo hori bertan behera utzi behar izan genuen eta, baliabide ekonomikorik gabe baina maitasun handiz, proiektua azkeneraino eraman eta bukatu behar genuela erabaki genuen. Urte zailak izan dira, batzuetan nahiko gogorrak, baina hala ere lortu dugu dokumentalak argia ikustea eta gero on line jartzea, nahi duten guztiek ikus dezaten”, azaltzen du zuzendariak. “Azkenean bukatu dugu, batez ere uste dugulako soilik jendeak ikusten duenean osatu eta bururatzen dela erabat lana”.

'Guk, nosotros' sarean

Interneten ikusteko aukera www.guknosotros.com helbidean dago. Bertan dokumentala ez ezik, material osagarria ere topa daiteke. “Sareratu eta ondoko hamar egunetan 2.500 deskarga total (hasieratik amaierara filma ikustea) pasa genituen. Guretzat, ekipoarentzat, pozik egoteko 2.500 motibo eman zizkigun. Komentario asko jaso ditugu postontzian eta asko hunkigarriak izan dira oso. Agian superprodukzio baterako 2.500 ikusleko xifra hori ez da beste munduko ezer izango, baina gure lan apalerako eta hedabideetan publizitate handia izan ez dugula kontutan izanda, poz-pozik gaude, egiari zor. Jarrai dezagun zabaltzen!”, adierazi digute dokumentalaren egileek. 

“Egia da hasierako proiektuak zenbait ordutako iraupena zuela, telebistarako baitzen, eta azkenean, kontatu nahi genituen guztiak ordubetean kontatu behar izan ditugula. Hori dela eta filmaren osotasuna eraikitzeko garrantzi handikoak izan diren zenbait pertsona eta datu ez dira hondarrean dokumentalean sartu. Baina, balio dezakeen heinean, azpimarratu nahi dut pertsona eta partaidetza horiek gabe ezin izango genuela dokumentala egin eta bere azpitestua sortu. Zoritxarrez mozketak ezinbestekoak izan dira, ekoizpeneko eta ikusentzuteko egitura kontuengatik”, azaldu du Vilaltak

Dokumentala sarean ipini aurretik, emanaldi berezi bat eskaini zen Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiaren egoitzan. Publikoa gustura geratu zen eta Vilaltaren lanak oso kritika onak jaso zituen, bertaratutakoen esanetan.

-Adierazten zaigunez, dokumentalaren webgunean bertan --eta PayPal sistemaren bidez-- laguntza ekonomikoak bidaltzeko aukera ere ematen zaie hala egin nahi dutenei. Bestetik, eta filma DVD formatuan eskuratu nahi dutenentzat, Buenos Airesko Euskaltzaleak-en topa daiteke salgai, Bernardo de Irigoyen 826 helbidean pertsonalki agertuz edo, emailez, euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidearekin kontaktatuz

 

(jarraipena) BESTE IRITZI BATZUK ETA ZAPORE GAZI-GOZOA

Aldi berean, eta estreinaldiaren ondotik izan zen baita ere bestelako kritikarik, hala nola Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko kide den Juan Carlos Ibarrolaren bat. Sarean ezarri zituen hitzetan hauxe zion hitzez hitz: “Vilalta anderea: damu dugu zuretzat aski euskaldunak ez izatea, gure erakundea, CVF-Iparraldeko Euskal Etxea, 1895ean sortua, eta baita Buenos Airesko Nafar Etxea ere nahita saltatuak izan baitira [dokumentalean], 1877ko Laurak Bat-etik 1912ko Zazpirak Bat-era pasatuz. Eduardo Torry profesoreari elkarrizketa egiteko gure liburutegia erabili bazenuen ere, ez gaituzu gogoan hartu gainerako euskaldunak bezala zure bideoan sartzeko. Ezaguna da gure euskal etxeak kultura alorrean urtero daraman lana, eta hala ere ez gaituzu aski euskaldun jotzen, Nuria anderea. Pena da zeuk Zazpiak Bat-i ohore egin ez izana, Iparraldea eta Nafarroa kanpoan utzita. Bukatzeko, geure lehendabiziko lehendakaria izan genuen Jean-Pierre Passicot-en hitzak ekarri nahi ditut hona: Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz, euskaldun hilen naiz eta berpiztuko banintz euskaldun izaten segituko nuke".

Iritzi honekin batera beste iritzi bat plazaratu zen, Diasporako euskal ikasketa kontuetan ikertzaile den Oscar Alvarez Gila irakaslearena, beretzat, emailez agertu zuenez, "neska honentzat, dokumentalaren egilearentzat, gauza argi baitago. 'Vasco'k esan nahi du Euskal Autonomi Erkidegokoa, garai batean probintzia baskongadoak ziren horretakoa, elkar ulertzeko; eta beraz ez litzateke euskal izango etxe ba,t baldin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bazkideak ez baditu".

Vilaltaren erantzuna

Kritika hauei erantzun die Nuria Vilaltak, "tristeziaz" erantzun ere, "zinez injusto"tzat joz, esan digunez. Dokumentalgileak dioenez, "tristezia handiz irakurri ditut mezuak eta asko sentitzen dut [pertsona hauei] desengainua ekarri izana. Argitu nahi dut, dena den, ez dagoela dokumentalaren egiturari buruz hartutako erabakietan inongo asmo txar edo adeitasun ezarik inoren euskalduntasunari dagokionean. Proiektuak hasieran izan behar zuenaren gaineko aldaketa baten ondorioz, 80 grabaketa ordu ordu bakar batera jaitsi behar izan nituen, 69 minutura. Laburpen hori egitea zaila izan oso, ez bakarrik egitateak hautatu behar dituzulako, baizik eta aldi berean ekoizpen-baliabideak ere --argiztapena, soinua, irudia-- kontutan hartu behar dituzulako, horrek erabili dezakezun materiala baldintzatzen duelarik. (...) Argentinan 90 euskal etxe baino gehiago daude eta ezinezkoa da guztien ibilbidea islatzea; agertu ez direnei dagokienez, ez da sekula izan mespretxuagatik edo bigarren mailakoak jo izanagatik. Estimatzen dut, eta asko, egunero egiten duten lana, eta begirunetik eta miresmenetik gainera. Eta, jakina, eskertzen dut --eta honela ageri da dokumentalaren krediutuetan: Iparraldeko Euskal Etxea (Buenos Aires)-- liburutegia utzi izana Eduardo Torry-ri elkarrizketa egiteko".

"Ez dagokit niri --interesik ere ez dut-- inoren euskaltasuna epaitu eta juzkatzea, baina aukera hau baliatuko dut argitzeko dokumentalean ez Nafarroa, ezta Iparraldea ere ez daudela baztertuta. Izan ere, elkarrizketatuetako andana polita Nafarroako edo Iparraldeko jatorridunak dira. (...) Ez da ezta ere detaile txikia argitzea neroni nafarra naizela, Iruñean jaioa, eta nire lehenengo haurtzaroan Lekunberrin (Nafarroan) hazia. Transmititu nahi dudan oinarrizko ideia, guztion artean euskaldun guztiak ordezkatzen ditugula da, ezin baita guztia ordu bakar batean kontatu".

 



Komentarioak

  • Aurrera!

    Lan polita egin duzuna, Nuria. Zorionak, eskerrik asko eta aurrera!!!

    Euskalduna, 2012/11/22 01:19

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia