euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru urte Etxepare Institutua finka dadin; bere zuzendaria, Aizpea Goenaga, Legebiltzarrari aurkeztua

2010/06/08

Aizpea Goenaga Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean aurkeztu zuten atzo (argazkia Iosu Onandia-Diario Vasco)
Aizpea Goenaga Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean aurkeztu zuten atzo (argazkia Iosu Onandia-Diario Vasco)

PUBLIZITATEA

Euskal kultura kanpoan ezagutarazi eta zabaltzeaz gain, «zeharkako kultura» bultzatuko du Etxepare Euskal Institutuak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez. Etxepare Euskal Institutuaren egungo egoeraren eta lan ildoen berri emateko egin zuen agerraldia Urgellek, alboan Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendari izendatu berria zuela. Etxepare Euskal Institutuaren «balio estrategikoa» aldarrikatu zuten biek, eta «inplikazio pertsonala» eskatu zieten legebiltzarkideei. Hiru urteko epea finkatu zuten, Etxepare Institutua finkatzeko. Juan Luis Zabalak sinatu du artikulua gaurko Berrian.

Juan Luis Zabala. Aurreko legealdiko Kultura Sailetik jasotakoarekin ezinezkoa izan zaie Kultura Sailaren egungo arduradunei Etxepare Euskal Institutuaren jardueretan behar bezala aurrera egitea, Urgellek atzo azaldu zuenez: «Arauzko garapena berandu eta nola edo hala egina zegoen, ustez martxan jarritako ekimen batzuk ez zeuden benetan martxan, edukietan betikoa ageri zen, eta helburuen artean ez zegoen ezer berririk: jarduera puntualak baino ez; sektorialak, eta ez zeharkakoak; erreaktiboak, eta ez proaktiboak».

Horretaz gain, langileen hauta-prozesua etenik zegoen, eta bere jarduna eta ekimenak gauzatzeko langilerik ez zuen Etxepare Euskal Institutuak. Hutsune hori lehenbailehen betetzea da orain zeregin premiazkoenetako bat.

Geldirik ez

«Baina ez gara geldirik egon», nabarmendu zuen Urgellek. Institutuaren behin-behineko egoitza egokitu dute -Donostiako Prim kalean-, txostenak landu eta hiru urteko jarduera-plana prestatu, Europako beste institutu batzuekin harremanak egin...

Oinarrizko jarduerez eta plan estrategikoaz aritzean, datozen hiru urteetarako oinarrizko helburuak finkatzeko asmoa dutela esan zuen Urgellek. Aizpea Goenaga zuzendariaren zeregina izango da plan estrategikoaren eta kudeaketa planaren proposamena egitea. «Hedapena planifikatua eta mailaz mailakoa izango da», Urgellen esanetan.

Kulturaren sustapenaren arloan, «artistak eta beren lanak Euskal Herritik kanpo erakustea eta euskal arte ondarearen aberastasuna eta berezitasuna zabaltzea» izango dira lan nagusien artean. Institutuak kultura katalogoa sortuko du eta «zeharkako kultura» bultzatuko du. Horretarako, «adierazpen artistikoak nahasiko dituen erakusketak eta kultura tour ibiltariak» antolatuko ditu, besteak beste.

2013rako prestigio handiko unibertsitateetan hiru katedra berri sortzeko asmoa du Etxepare Euskal Institutuak, «idazle, artista eta unibertsitateko irakasleen aldi baterako egonaldiak bideratzeko». Kanpoko unibertsitateetako irakurleen sarea handitzeko asmorik ere bada, eta planifikazioa egingo da, «nahi dugun lekuan eta behar dugun lekuan egoteko». Horretarako, EHUren mugikortasun programak eta Cervantes Institutuaren egoitzarik aktiboenak baliatuko dira.

Mintegiak, jardunaldiak eta hitzaldiak ere antolatuko ditu Etxepare Euskal Institutuak, «Euskadin eta Euskaditik kanpo», bestek antolatutako hitzaldietan parte hartzeaz gain. Urteko egutegia zehazteko asmoa dute, Euskararen Eguna eta beste egun seinalatu batzuekin lotua.

Euskara Euskal Herritik kanpoko irakasteko lanean HABEren lankidetza izango du. Arlo hori ere euskal kulturarekin zerikusia duten ekintzak bultzatzeko baliatuko da.

Etxepare Euskal Institutuaren logoa eta irudi korporatiboa uztailean diseinatua izatea espero dute. Horretaz gain, datozen urteotako komunikazioaren jarduera ildoak finkatu eta komunikazio plana kontratatuko dute. Lehen ekintzak Etxepare Euskal Institutuaren aurkezpen ekitaldiak izango dira, «etxean nahiz kanpoan». Horrekin batera, Etxepare Euskal Institutua ezagutzera emateko komunikazio kanpaina diseinatuko da eta hedabideekin harremana jorratuko dute.

Kultur diplomaziaren arloan «eredu klasikoa» gainditzen saiatuko Etxepare Euskal Institutua, lau helbururi lotuta: «Nitxoko diplomazia; berezko ditugun kultur adierazpenak besteekiko elkarrizketan; maila anitzeko hitzarmengintza; eta marka dinamiko bat sortzea».

Webgunea sortzeko asmoa

Institutuko arduradunek esku artean dituzten beste zeregin batzuk ere nabarmendu zituen Urgellek atzoko agerraldian. Adibidez, Etxepare Euskal Institutuak izango duen webgunearen mapa definitua dago jadanik, eta hura garatzeko zerbitzuak kontratatu eta urtea amaitzerako oinarrizko lehen bertsioak martxan izatea espero dute.

Askotariko itunak sinatzeko asmoa ere badu Etxepare Euskal Institutuak: erakundeekin, unibertsitateekin, hizkuntza eta kultura sustatzen duten beste institutu batzuekin, museoekin, liburutegiekin... Horretaz gain, harremanak izango ditu Cervantes Institutuarekin, Alliance Française Institutuarekin, Ramon Llull Institutuarekin, Consello da Cultura Gallegarekin, Renoko Euskal Ikasketen Zentroarekin... Eta euskara nazioarteko azoketan sustatzeko ahaleginak ere egingo ditu: Paris, Berlin, Londres, Bremen, Praga...

HOGEI MILA LAGUNEK LAN EGITEN DUTE 6.300 KULTUR ENPRESATAN

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak egindako azterketa baten arabera, 6.300 kultur enpresa daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ia 20.000 langile aritzen dira bertan. Hortaz, EAEko lanpostuen %1,9 osatzen dute enpresa horiek.

Kultur Enpresak, Sorkuntza Sektoreak eta Lan Sorrera izenburuko jardunaldia antolatu du Kultura Sailak hilaren 14rako, Gasteizen, eta horri begira egin du aipatutako azterketa. Kultur enpresetako langilea gaztea ohi da, eta goi edo erdi mailako ikasketak ditu, datuek marraztutako soslaiaren arabera. Halaber, bi ezaugarri dituzte enpresok: bertako ekonomiak dinamizatzen laguntzen dute, eta berrikuntzarako joeragatik nabarmentzen dira.

(2010-06-08an Berria-n argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia