euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru gazte nafar euskara eta dantza irakasle arituko dira Argentinan eta Uruguain, lau hilabetez, irailaren 14an hasita

2018/09/04

Nafar dantzariak Rosarion
Nafar dantzariak Rosarion

PUBLIZITATEA

Ander Zudaire, Nora Urtasun eta Alicia Urtasun iruindarrak dantzariak eta dantza irakasleak dira. Hirukoteak otsailean ezagutu zuen Argentinako nafar gizataldea eta hain esperientzia ona izan zuten non orain Hego Amerikara berriro etortzea erabaki baitute, dantza eta euskara klaseak eta euskal kulturari buruzko hitzaldiak eskaintzera. Bidaiaren ibilbidea zehaztuta egon arren –Argentina eta Uruguaiko hamar bat euskal eta nafar etxe bisitatuko dituzte lau hilabetetan– egonaldia luzatzeko aukera ez dute baztertzen, erakunde gehiagoren gonbitea jasoz gero.

Buenos Aires, Argentina. Irailaren erdialdera argentinaratuko dira Ander Zudaire, Nora Urtasun eta Alicia Urtasun eta 2019ko urtarrilera arte modalitate eta maila askotako euskara eta dantza ikastaroak eskainiko dituzte. Klaseen lana osatzeko eta euskal eta nafar etxeetako kide guztiei begira, euskal kulturari buruzko hitzaldiak emateko prest ere badaude lagunak.

Euskarari dagokionez, ikasleen profila kontuan hartzen, oinarrizko ezagutzak landuko dituzte, beti ere mintzatzeari lehentasuna emanez. Denbora –eta maila– egonez gero hizkuntzaren beste hainbat arlotan sakonduko dute. Euskararekin lotuta, gainera, hiri ezberdinetako ikasleen topaketa bat antolatzeko asmoa dute –barnetegi modukoa–, azaroan.

Dantzen esparruan ere mailaren arabera antolatuko dituzte ikastaroak: hasiberrientzako eta aurreratuentzako aukerak egongo dira. Aurreratuei dantza jakin batzuetan sakontzeko aukera ere emango zaie. Hala ere, azaltzen dute, eskaintza erakunde bakoitzaren beharretara egokituko da. Ikastaroak bukatuta, entseatzen jarraitu ahal izateko materiala utziko dute gazteek.

Hitzaldietan, bai euskarari bai dantzei buruz –jatorriaz, garapenaz, gaurko egoeraz…– hitz egingo dute.

Ibilbidea

Ander, Nora eta Alicia irailaren 12an iritsiko dira Buenos Airesera eta honako ibilbidea egingo dute:

-Irailaren 14tik urriaren 1era, Mendozako Nafar eta Euskal Etxea bisitatuko dituzte
-Urriaren 4tik 11ra, sortze bidean den Santa Fe probintzia Hegoaldeko Euskal Etxea
-Urriaren 11tik 18ra, Buenos Aireseko Nafar Etxea
-Urriaren 18tik 22ra, San Nicolaseko Euskal Etxea
-Urriaren 22tik azaroaren 1era, Comodoro Rivadavia eta Viedma-Patagoneseko Euskal Etxeak
-Azaroaren 1etik 4ra, Mar del Platako Euskal Astean izango dira
-Azaroaren 5etik abenduaren 10era, Rosarioko Nafar eta Euskal Etxea (Rosarioko Gizataldeen Azoka eta Argentinako Nafar Etxeen Topaketa); Roldango Euskel Biotza
-Abenduaren 10etik 20ra, Uruguaiko Montevideo, Flores eta Saltoko euskal etxeak.

Gazte nafarren bisita eta ikastaro edo hitzaldiak eskatu nahi dituenak fernandolizarbe@yahoo.com.ar helbidera idatz dezake. Erakundeek bidaia (Rosariotik herriraino) eta egonaldia baizik ez dituzte ordaindu behar.

Gogora dezagun Ander Zudaire, Nora Urtasun eta Alicia Urtasun Rosarioko Nafar Etxean eman zutela dantza ikastaro bat aurten Argentina osoko nafar etxeko dantzariei zuzenduta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia